Beatriz Marchitek, Elisa Manerok eta Maria Menak jasoko dituzte Nafarroako enpresari onenen sariak

Azaroaren 28an egingo da sari banaketa

Iazko irabazleak | Argazkia: AMEDNA - NEEZE Iazko irabazleak | Argazkia: AMEDNA - NEEZE

Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (NEEZE) Beatriz Marchite, Elisa Manero eta Maria Mena sarituko ditu datorren azaroaren 28an egingo duen ekitaldian.

Marchite Cebollas Marchite enpresako gerentea da, eta urteko enpresari onenaren saria jasoko du. 1983an sortutako Fustiñanako familia enpresa da Cebollas Marchite, eta tipula ekoitzi eta merkaturatzen dute. Marchitek hogei urte baino gehiago daramatza familiako enpresan lanean, eta orain zortzi urte hartu zuen gerente kargua.

Manerori, Magma Mantenimientoko gerenteari, zuzendari onenaren saria emango diote. Energia zerbitzuak eskaintzen ditu Tuterako enpresak. Ingeniaritza eta instalakuntza termiko nahiz elektrikoak egiten ditu. Magman aritu aurretik, L Sol enpresako gerentea izan zen zazpi urtez eta Grupo Enholen Project Manager bezala egin zuen lan.

Mena Hyssogenix enpresako zuzendari eta sortzailea da, eta bertan egindakoagatik jasoko du ekintzaile onenaren saria. Odontologia arloko genetika laborategia da Hyssogenix, Zizur Txikian dago, eta genetika eta mikrobiologiako zerbitzuak eskaintzen ditu. Mena bioteknologian lizentziatua da, biologia molekularreko doktoretza egin zuen eta Ikerketa Biomedikoko masterra ere ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean.

Iruñeako Udala eta Caixabanken laguntzarekin, sari honen helburua Nafarroako emakume enpresari eta zuzendarien ibilbide profesionala aitortzea da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK