• ENPRESAK GAUR
  • Bellota Agrisolutions enpresako 206 langileen lanaldia erdira murriztuko da

Bellota Agrisolutions enpresako 206 langileen lanaldia erdira murriztuko da

Legazpiko konpainiak Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) plantilla osora zabaldu du. Neurria 2027ko abuztura arte egongo da indarrean

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2026ko azaroaren 4a - 09:52

Bellota Agrisolutions enpresak iragarri du aurrerantzean Enplegu Erregulazioko Espedienteak (EEE) Legazpin duen plantillako 206 langileei eragingo diela. 2023an abiatutako neurriak langileen lanaldia %50era murrizten du, eta gaurtik aurrera bulegoetako 76 langileak ere barne hartuko ditu. Orain arte, tailerretan lan egiten zuten 130 langileei baino ez zien eragiten.

 

Langileen batzordeak azaldu duenez, konpainiaren aurreikuspen ekonomiko txarrek eragina izan dute erabakian. Nazioarteko egoerak enpresaren jardueran izan duen efektua nabarmendu dute, bereziki Ormuzko itsasartearen inguruko abelerak: "Azken finean, gasolinaren eta ongarrien garestitzeak %100ean eragiten digu", adierazi dute.

Langileen ordezkarien arabera, datozen hilabeteetan egoerak ez du hobera egingo, eta datorren ekitaldia aurtengoaren antzekoa izango dela aurreikusten du enpresak. Horrenbestez, lanaldia erdira murrizteko neurria 2027ko abuztura arte luzatuko da.

 

Gauzak horrela, Legazpiko langileek lanuzte partzialak egin dituzte. Azken bi egunetan ordubeteko lanuzteak egin dituzte, eta gaur ere beste bi egingo dituzte: bata goizean eta bestea arratsaldean. "Egindako inbertsioek produktua garestitu besterik ez dute egin. Inbertsioen aurretik Herramientas enpresaren ekoizpena errentagarria zen; orain, milioi askoko inbertsioen ondoren, ez dela errentagarria argudiatzen dute", gaineratu du ELA sindikatuak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain