2019. urtean hasi zen Juan Mari Iriarte Baleztena Ekhi Gold enpresari forma ematen. Mexikon jaiota, aita Baztangoa eta ama Berakoa ditu Iriartek, eta bi belaunaldiz gozogintzan aritu den familia batean hezi zen. Enpresariak, ordea, “zerbait ezberdina” egin nahi zuen sektorean, eta ideia hori buruan zuela, “formakuntza sakona” jaso zuen txokolategintzan.
Ekhi Gold eratzeko ideia, Lapurdin, Hendaia eta Ziburu arteko erlaitzean ilunsentia ikusten ari zela bururatu zitzaiola gogoratu du. Hala, proiektuaren izenean nahasten ditu eki euskal hitza eta gold hitz ingelesa, "urrea txokolatearekin bat egiteko era berri bat” otu baitzitzaion.
Aukerako garaietarako produktu esklusiboak
Proiektua abiatzea, luxuaren sektorean egonik, “zaila” izan zela dio. Lehendabizi, Marbellan (Espainia) kokaturiko Gómez y Molina Joyerosen ibili zen Iriarte, “luxu goreneko bitxi garestiak” saltzen. Gero Madril, Bartzelona eta beste hainbat tokitan izan zen, behin betirako Beran finkatu zen arte. Rolex, Lamborghini edo Bvlgari enpresetan ere ibili da, eta higiezinen agentzien luxuzko ekitaldietan parte hartu du.
Iriartek lau bonboi-sorta lantzen ditu, guztiak berak patentatutakoak. Esku-eskaerak, ezkontzak edo hotelak izan ohi dira bonboi hauen helmuga nagusiak: “Sunset kutxatila, ezkontzentzat, urteurrenentzat edota urrezko ezteientzat pentsatuta dago eta urrez estalitako bonboiez osatu dut; Jewel deituriko packa, ezkontzarako opari gisa; Horizon kutxatila, urtebetetze, Gabon eta ospakizun berezietarako gourmet motako 20 bonboiez osatuta dago; eta Infinity bonboia, bihotz-itxurakoa, gehienbat ezkontzetan eta cateringetan erabiltzen da”. Kasu guztietan, unitate bakoitza kontsumitzailearen arabera pertsonalizatu daiteke eta eskuz eta era artisau eta mugatuan landu eta urre jangarriaz estaltzen da.
Ekoizpen-prozesua, faktore gakoa
Txokolategileak garrantzi handia ematen dio egiazkotasunari. Honen arabera, “okasio bakoitzera jantzita dagoen” produktua eskaini nahi du, momentu zehatz eta berezietarako pentsatuta. Produktu baten “balio emozionala” ere aipatu du, “ezkontzak edo urteurrenak bezalako topaldietan erabiltzen dira eta”.
Iriartek produktua “bidezko merkataritzazkoa eta jasangarria den kakaoz egina izatea” ere zaintzen du, “kakao-ekoizleen komunitate txikietan sortu eta balio-kate garden eta trazagarri batetik pasa dela ziurtatuz”
Bonboi horiek egiteko txokolatea Parisen ekoizten den Or Noir motakoa da, eta Madagaskar eta Perutik etorritako kalitatezko materiala erabiltzen du Ekhi Goldek. Orain, Sao Tome eta Principe eta beste jatorrietako txokolatea ere gehitu nahi du. Iriartek produktua “bidezko merkataritzazkoa eta jasangarria den kakaoz egina izatea” ere zaintzen du, “kakao-ekoizleen komunitate txikietan sortu eta balio-kate garden eta trazagarri batetik pasa dela ziurtatuz”.
Produktu honen beste kalitate-zigilu bat da “erantsitako azukrea ez erabiltzea”. Hein horretan, “gozotasun-puntu aproposa emateko azukrea” besterik ez du erabiltzen, “txokolatea azken produktuaren %70a baino gehiagokoa izanik”.

Bilakaera handiko negozio-eredua
Enpresa B2C eredua erabiltzen hasi zen, baina ondoren B2Bra aldatzea iruditu zitzaion komenigarria. Eredu horren arabera, zuzenean kontsumitzaileei saldu ordez, kontsumitzaileak erakartzen dituzten bestelako entitateei saltzen die.
Ekhi Golden bezero nagusietako bat hotelak dira, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta bestelako lekuetan daudenak. Hauek, besteak beste, bere bonboiak “ongietorriko oparitxo gisa” erabiltzen dituzte bisitarientzat. Eskatzaileen artean ere etxe partikularrak, jatetxeak eta ekitaldi-aretoak egon daitezke.
Iriarteren enpresak Iberiar Penintsula osora eta Balear Uharteetara egiten ditu bidalketak, tenperatura kontrolatuarekin eta trazabilitatearekin. Garrantzitsua da bidaltzen den unitate bakoitza zehatz planifikatzea, entrega-data egokiena bost eta hamar egun artekoa izanez eta bezeroak zein egunetarako eskuragai eduki nahi dituen kontuan hartuta.
Hazkundea eta etorkizunerako planak
Azken bi urtetan, Iriartek “hazkundea handia” sumatu du bere enpresan, “%50koa baino handiagoa” zehazki. Horrez gain, bere markak hainbat sari jaso ditu: Nafarroako Gozogile Onenarena (Diario de Navarrak eta Vocento Gastronomiak eskaintzen dutena), Madrilgo IFEMAn ematen den Espainiako Ekintzaile Onenaren saria, Vanity Capital Award saria eta ZIWA 2021 saria.
Etorkizunera begira, “hotel gehiagorekin partaidetza” bilatu nahi du. Askotan “hotelak beraiek dira” berea bezalako proiektuak bilatzen dituztenak. Gainera, 2026 eta 2027ko denboraldian, ezkontzetan bere bonboien presentzia areagotzen saiatuko da.