• ENPRESAK GAUR
  • Beterri-Buruntza: enpresen lehiakortasuna eta erreleboa bermatzeko lanean

Beterri-Buruntza: enpresen lehiakortasuna eta erreleboa bermatzeko lanean

Lurraldeko enpresen digitalizazioa, talentuaren kudeaketa eta iraunkortasuna sustatzen ditu mankomunitateak. Datozen urteetan, erretiroaren atarian dauden ehunka negozioren jarraipena bermatzea izango da erronka nagusietako bat

Argazkia: Beterri-Buruntza
Argazkia: Beterri-Buruntza
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko ekainaren 12a - 05:30

Enpresa batek ateak ixteko arrazoiak askotarikoak izan daitezke: berrikuntzarako baliabiderik eza, langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunak edo negozioarekin aurrera jarraituko duen erreleborik ez izatea. Beterri-Buruntzan, erronka horiek gero eta ohikoagoak dira, eta horiei erantzuteko lanean ari da sei udalerrik osatutako garapen sozioekonomikorako mankomunitatea. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hain zuzen ere, Astigarraga, Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo garapen sozioekonomikorako erakunde publikoa da Beterri-Buruntza Mankomunitatea. 2022an sortu zen, lurraldeko enpresa txiki eta ertainek berrikuntza, eraldaketa eta lehiakortasun prozesuetan aurkitzen zituzten zailtasunei erantzuteko helburuarekin. Gaur egun, enpresa, ekintzailetza, enplegu eta turismo arloko zerbitzuak eskaintzen ditu. “Entitatearen helburua da enpresen lehiakortasuna hobetzeko baliabideak eta laguntza eskaintzea, horien posizionamendua hobetu, lehiakor mantendu eta, horrenbestez, enplegua sustatzeko aukerak sortzeko”, azaldu du Helene del Rio Laboa Beterri-Buruntza Mankomunitateko zuzendariak.

Helene Del Rio: “Entitatearen helburua da enpresen lehiakortasuna hobetzeko baliabideak eta laguntza eskaintzea”

Del Rioren esanetan, lurraldeko enpresa askok, bereziki txiki eta ertainek, ez zituzten behar adina baliabide berrikuntza edo eraldaketa prozesuei aurre egiteko. “Ikusi zen enpresa txiki eta ertainek zailtasunak zituztela, bai baliabide ekonomikoengatik, bai pertsonalengatik, eta Beterri-Buruntza bidelagun moduan sortu zen, aurrerapausoak ematen eta lehiakor izaten jarrai zezaten”, adierazi du.

 

Enpresen lehiakortasuna indartzeko hiru ardatz 

Sortu zenetik, Beterri-Buruntzak lurraldeko enpresen beharrei erantzuteko hainbat programa eta zerbitzu garatu ditu. Gaur egun, bere jarduna hiru ardatz nagusiren inguruan antolatzen da: lehiakortasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Helburua bera da kasu guztietan: enpresei tresnak eta laguntza eskaintzea etengabe aldatzen ari den testuinguruan indartsu mantentzeko.

Lehiakortasun ekonomikoaren esparruan, bereziki eraldaketa digitala eta berrikuntza lantzen dituzte. “Enpresen eraldaketa digitalean laguntzen dugu; gaur egun, datuen gobernantza eta adimen artifiziala bezalako gaiak berebizikoak dira”, azaldu du Del Riok. Horrez gain, berrikuntza prozesuak sustatzen dituzte eta enpresen ondorengotza edo eskualdatze prozesuetan ere laguntzen dute, erretiroen ondorioz enpresen jarduera eten ez dadin. 

Gizarte lehiakortasuna da lantzen duten bigarren ardatza. Enpresek gero eta gehiago pairatzen dituzten talentu faltari eta kontratazio zailtasunei erantzutea dute helburu. Horretarako, profil jakinetarako prestakuntza programak antolatzen dituzte, kontratazio laguntzak eskaintzen dituzte, eta errelebo prozesuak sustatzen dituzte, xede izanik ezagutza enpresen barruan mantentzea.

Energia berriztagarrien erabilera sustatzen dute industrialdeetan, karbono aztarnaren kalkuluan laguntzen dute, baita ESG irizpideak txertatzeko aholkularitza eskaintzen ere

Hirugarren ardatza ingurumen lehiakortasunarena da. Industria sektorean bereziki nabarmena den erronka honi aurre egiteko, energia diagnostikoak egiten dituzte enpresetan, energia aurrezteko neurriak identifikatu eta ezartzeko. Horrez gain, energia berriztagarrien erabilera sustatzen dute industrialdeetan, karbono aztarnaren kalkuluan laguntzen dute, baita ESG irizpideak txertatzeko aholkularitza eskaintzen ere.

“Oro har, enpresek behar duten horretan laguntzen dugu, baliabideak eskainiz. Baliabide horiek askotarikoak izan daitezke: aholkularitza programak, bidelaguntza edo dirulaguntzak”, laburbildu du Beterri-Buruntzako zuzendariak. 

Digitalizazioa, talentua, iraunkortasuna… hamaika erronka 

Enpresa bakoitzak bere egoera eta behar propioak baditu ere, badira lurralde osoan behin eta berriz errepikatzen diren erronkak. Beterri-Buruntzatik egiten duten jarraipenaren arabera, digitalizazioa, berrikuntza, talentuaren kudeaketa eta iraunkortasunarekin lotutako gaiak dira gaur egun enpresen kezka nagusienetako batzuk. “Batetik, enpresek profil zehatz batzuen beharra dute, nagusiki, eta errotazioa geroz eta handiagoa da”, zehaztu du Del Riok. "Horren aurrean, prestakuntza puntual zein programak antolatzen ditugu lurraldeko pertsonei ibilbide eta laneratze-aukerak eskainiz eta, aldi berean, enpresek behar duten talentua prestatuz, beraien beharrei ere erantzuteko".

Bestalde, energia eta iraunkortasunarekin lotutako erronkek ere gero eta presentzia handiagoa dute. Enpresa askok efizientzia energetikoan aurrerapausoak eman nahi dituzten arren, askotan orientazioa eta laguntza behar izaten dituzte erabakiak hartzeko. “Iraunkortasuna zentzu anitzetan lantzen da; energia da gai nagusietako bat, baina ekonomia zirkularra edo ESG irizpideak ere gero eta gehiago agertzen dira”, aitortu du zuzendariak. 

Testuinguru horretan, Beterri-Buruntzak beharrak identifikatu ez ezik, horiei aurrea hartzea ere badu helburu. Horren adibide da datozen asteetan martxan jarriko duten metal-mekanika sektoreko enpresei zuzendutako berrikuntza programa. Diagnosi baten bidez, enpresa horien aukerak identifikatu eta berrikuntza prozesuak ezartzen lagunduko diete. 

Marisa Trueba: “Gure helburua da jendeak ikustea badagoela ekiteko beste era bat: negozio bat zerotik sortu ordez, martxan dagoen baten titulartasuna hartzea”

Enpresen etorkizunari lotuta, azken urteetan indarra hartu duen beste kezka bat ondorengotzarena da. Beterri-Buruntzak egindako azterketen arabera, datozen hamar urteetan lurraldeko negozio eta enpresa askotako titularrak erretiro adinera iritsiko dira, eta kasu askotan ez dago argi nork hartuko duen lekukoa. Horrek jarduera ekonomikoaren jarraipena bera arriskuan jar dezake. “Identifikatu da Gipuzkoan behar handia dagoela enpresen ondorengotza bermatzeko, bai industrian, bai merkataritzan”, azaldu du Del Riok. Hori dela eta, mankomunitateak estrategia espezifiko bat jarri du martxan, industria arloan ez ezik, herriguneetako negozio txikietan ere errelebo prozesuak sustatzeko. 

Helburua ez da soilik erretiroaren atarian dauden enpresariak laguntzea, baizik eta jarduerak bizirik mantentzea eta urteetan eraikitako negozioak ez desagertzea. Izan ere, Beterri-Buruntzaren ustez, negozio askoren etorkizuna ez dago bezero faltaren edo bideragarritasun ekonomikoaren esku, baizik eta lekukoa hartuko duen pertsona aurkitzeko gaitasunean. 

Ekintzailetza, negozio berriak eta errelebo aukerak 

Enpresen jarraipena bermatzeko estrategiaren barruan, ekintzailetzak ere leku garrantzitsua du Beterri-Buruntzaren jardunean. Negozio ideia bat duten pertsonei aholkularitza eskaintzen diete, bideragarritasun planak lantzen laguntzen diete eta negozio bat martxan jartzeko beharrezkoak diren izapide ekonomiko eta juridikoen inguruko orientazioa ematen diete. 

Zerbitzu horren eskaerak, gainera, gora egin du azken urtean. Marisa Trueba Aguirrebeña Ekintzailetza teknikariaren arabera, aurten artatutako pertsonen kopurua aurreko urtekoa baino %20 handiagoa da. “Horrek esan nahi du jendeak baduela interesa ekiteko. Gero ikusiko dugu ideia horiek zertan gauzatzen diren eta proiektuak bideragarriak diren edo ez, baina gure zerbitzuen eskaerak nabarmen egin du gora”, baieztatu du teknikariak.

Argazkia: Beterri-Buruntza
Argazkia: Beterri-Buruntza

Ekintzaileen profila askotarikoa bada ere, mankomunitateak identifikatu ditu zenbait joera. Gaur egun, zerbitzua erabiltzen dutenen artean emakumeak dira gehiengoa (%56), eta ekin nahi duten pertsona asko lanean ari dira dagoeneko, besteren kontura zein autonomo moduan. Jarduera ekonomikoei dagokienez, osasunarekin eta ongizatearekin lotutako proiektuek gero eta presentzia handiagoa dute; fisioterapia, elikadura, entrenamendu fisikoa edo ongizate emozionalera bideratutako ekimenak dira azken urteotan gehien errepikatu direnak, besteak beste.

Hala ere, Beterri-Buruntzak beste ekintzailetza eredu bat ere sustatzean ere jarri nahi du fokua: martxan dagoen negozio baten lekukotza hartzea. Erretiroaren ondorioz itxi daitezkeen establezimenduak kontuan hartuta, mankomunitatearen ustez aukera interesgarria izan daiteke jarduera berri bat hutsetik abiatu beharrean dagoeneko bezeroak, marka eta ibilbidea dituen negozio baten ardura hartzea. “Gure helburua da jendeak ikustea badagoela ekiteko beste era bat: negozio bat zerotik sortu ordez, martxan dagoen baten titulartasuna hartzea”, azaldu du Truebak. Are gehiago, teknikariak argi du: “Martxan den negozio bat hartzeak ziurgabetasuna murrizten du, hutsetik hasitako proiektu batekin alderatuta”. 

Beterri-Buruntzako enpresa gehiagorengana iristea da mankomunitatearen etorkizuneko erronketako bat

Horixe da, hain zuzen ere, datozen urteetarako duten erronka nagusietako bat: lurraldean dauden negozio eta enpresen jarraipena bermatzea. Horretarako, mankomunitateko kideek funtsezkotzat jotzen dute erretiroaren atarian dauden titularrak eta proiektu berrien bila dabiltzan ekintzaileak elkarrengana hurbiltzea.

Helburu hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa da mankomunitatearentzat lurraldeko enpresa sarearekin harremana sendotzen jarraitzea. Del Rioren esanetan, Beterri-Buruntzak dagoeneko enpresa askorekin egiten du lan egunerokoan, baina oraindik ere badira eskaintzen dituzten zerbitzuak ezagutzen ez dituzten enpresak. Hori dela eta, datozen urteetako erronketako bat izango dute Beterri-Buruntzako enpresa gehiagorengana iristea eta haien beharrei aurrea hartzea. “Sei mila negoziotik gora ditugu lurraldean, eta garrantzitsua da proaktiboak izatea, eskaintzen ditugun zerbitzuekin horiengana iristeko”, laburbildu du zuzendariak.