Arrauna bizimodu bilakatzen da arraunlarientzako, eta, era berean, bizitzeko modua erakusten dizun kirola da. Arraunean ikasitakoa bizitzaren hainbat arlotan erabil daiteke, baita enpresaren munduan ere. Horren erakusle da Jule Arkotxa. 22 urteko lekeitiarrak negozio propio berria ireki zuen martxoan, eta bitartean arraunean jarraitzen du. Donostiako Arraun Lagunak elkarteko arraunlaria da; bere bigarren denboraldia du bertan. Neguan eguneroko entrenamenduak konbinatu behar izan ditu bere lanarekin, baita orain bere negozioarekin ere. "Udan, denboraldian zehar, delegatzea ona dela ikasi dut", azpimarratu du Arkotxak.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Baina egin dezagun atzera apur bat, bere ibilbidea ezagutzeko. Arraunean hamabi urterekin hasi zen, Isuntza Arraun Elkartean. Lekeitioko klubean 17 urte bete arte aritu zen, eta orduan jaso zuen Hondarribiaren gonbitea, haiekin arraunean aritzeko. Taldea bigarren mailara jaitsi berritan zegoen, eta Arkotxa iritsi zen urtean ETE Ligako lehen postuan amaitu eta Euskotren Ligara itzuli zen. Hiru urte egin zituen Hondarribian: "bi arraunean eta hirugarrena geldirik, lesio batek baldintzatuta, diskoko hernia batek, zehazki". Ondoren, Arraun Lagunakera egin zuen salto, aurtengoa bertan egingo duen bigarren denboraldia delarik.
Halere, arraunlari askok kirolaz haragoko beste lanbide bat behar izaten dute, bereziki emakumezkoen arraunean, honen bidez lortzen diren diru-sarrerak ez baitira nahikoa izaten. Arkotxaren kasuan,15-16 urterekin ekin zion Lekeitioko kiroldegian saioak eskaintzeari. Gero, Donostiako zentro pribatu batean aritu zen lanean, eta, ondoren, Lekeitiora itzuli zen, beste zentro batera. Bertan ikusi zuen bezero kopurua handitzen ari zela eta bere negozio propioa abian jartzeko aukera bazuela. "Proiektua prestatzen aritu naiz 2025ean, baina Ekinek 2026ko martxoan ireki zituen ateak", adierazi du. , Arkotxaren kasuan, beraz, goi-mailako kirola eta negozio propioa aldi berean eramatea ez da aukera estetiko bat izan, baizik eta eguneroko errealitate bat.
Zentroan, Arkotxak berak entrenamendu zerbitzua eskaintzen du, baina EnpresaBIDEAri kontatu dionez, ez da entrenamendu gela soil bat, lesioen errekuperazioa, eta entrenamendu egokituak nahiz funtzionalak eskaintzen baitituzte. Osteopata bat, nutrizionista bat, beste entrenatzaile bat eta Animal Flow bidez mugikortasuna eta indarra lantzen dituen profesional bat ere badira bertan. Kirol espezifiko batean zentratu beharrean, prestaketa fisiko orokorra eta osasuna dira proiektuaren oinarriak.
Akatsetatik ikasiz, propioak zein besteenak
Arkotxak ez du enpresa kudeaketarako bide akademiko luzea aldarrikatzen. Beste bide bat aipatzen du, behaketa: “Beti saiatu naiz egon naizen lekuetan ikasten zer dagoen ondo eta zer gaizki”, azaldu du. Bere ustez, bere indarguneetako bat besteek egindako akatsetatik ikasteko gaitasuna da, gero akats horiek ez errepikatzeko. Horrek, dioenez, bere ibilbidean zehar enpresa baten funtzionamendua ulertzeko balio izan dio.
Jule Arkotxa (arraunlaria eta enpresaria): “Beti saiatu naiz egon naizen lekuetan ikasten zer dagoen ondo eta zer gaizki. Behaketatik ikasi dut enpresa baten funtzionamendua ulertzen”
Ikasketa formalak ere egin ditu. Prestaketa fisikoaren inguruko modulu bat egin zuen, eta ondoren espezializatu egin zen. Bidean, esandako esparruan, osasunean, lesioen errekuperazioan, arnasketan, indar-ariketetan eta errehabilitazioan sakontzeko hainbat formazio jaso ditu. Sare sozialen inguruko prestakuntza ere egin zuen, besteak beste, enpresarako bezero gehiago lortzeko estrategiak ikasteko.
Negozioaren eguneroko kudeaketa, gainera, berak egiten du. Aholkularitza baten laguntza du autonomoen eta kontuen inguruko gaietan, baita ogasuneko tramiteak egiteko ere, baina bere gain hartzen du gainerako kudeaketa. Ez du bere burua arlo ekonomikotik kanpo ikusten; kontrara, negozioa nola kudeatu badakiela dio.
Diziplina: arraunaren oinarrizko ikasgaia
Arkotxaren enpresa ulertzeko ezinbestekoa da arraunaren bidez eraiki duen lan egiteko modua ulertzea. Arestian aipatu bezala, arraunak “bizimodu bat” eman diola dio. Bere ustez, kirolak irakatsitako guztia bere egunerokotasunean erabiltzen du, baita lanean ere. Eta ikasgai nagusietako bat diziplina da. Motibazioa falta denean ere aurrera jarraitzea. Gogorik ez dagoenean entrenatzea. Nekatuta egonda ere beste urrats bat ematea. Arkotxarentzat, arrakasta ez da motibazioaren ondorio hutsa, baizik eta motibaziorik ez dagoenean ere lan egiten jarraitzeko gaitasunaren emaitza.
Ideia hori bezeroekin ere erabiltzen du. Entrenamenduetan, askotan, gorputzak baino lehenago buruak jartzen du muga. Haren arabera, “beti eman daiteke pixka bat gehiago”, betiere gorputzaren seinaleak eta mugak errespetatuz. Hor dago, hain zuzen, bere esperientziatik ikasitako beste ikasgai garrantzitsu bat: esfortzu handiagoa egiteak ez dakarrela beti arrakasta handiagoa.
Gehiegi exijitzearen prezioa
Goi-mailako kirolak autoexijentziaren beste aldea ere erakutsi dio. Arkotxak urteak eman ditu errendimendu handiko kirolean, eta, bere esanetan, hasieran ez zekien ondo kudeatzen bere buruari jarritako presioa. Zenbat eta gehiago eskatu bere buruari, orduan eta arrisku handiagoa zegoen oreka galtzeko.
Hondarribian izandako lesioak, gainera, beste kolpe bat izan zen bide horretan. Hernia diskalak geldiarazi egin zuen, baina lesioaren atzean zegoena ez zen soilik arazo fisikoa. Une hartan bere buruari gehiegi eskatzen ari zitzaiola konturatu zen, eta elikadurarekin ere harreman zaila zuen.
Atzera begiratuta, gorputzak aurretik ere seinaleak ematen zizkiola uste du, baina lesioak behartu zuen gelditzera: “Gehiegi exijitzeak ez du suposatzen gorago heltzea”, ondorioztatu du. Horren ordez, oreka bilatu behar dela ikasi zuen: burua eta gorputza batera eramatea, esfortzua sakrifizio hutsa izan ez dadin eta sakrifizio horretan gozatzeko gaitasuna ere egon dadin.
Jule Arkotxa: “Gehiegi exijitzeak ez du suposatzen gorago heltzea. Oreka bilatu behar da, burua eta gorputza batera eraman”
Ikasitako hori zuzenean eraman du bere lan egiteko modura. Bere negozioa aurrera ateratzeko diziplina behar du, baina badaki bere buruari gehiegi eskatzeak kontrako efektua izan dezakeela.
Era berean, arraunak ez dio bakarrik diziplina irakatsi. Talde batean bizitzen ere ikasi du. Traineruan pertsona askorekin partekatzen dira entrenamenduak, bidaiak eta helburuak. Eta ez da beti harreman ona izaten taldekide guztiekin. Hala ere, elkarrekin egon behar da. Horrek, Arkotxaren arabera, eguneroko bizitzarako balio du: norbaitekin harreman estua ez izan arren, elkarbizitzen jakin behar da.
Ikasgai hori bere zentroan ere agerikoa da. Negozioan ez dago bakarrik; beste profesional batzuk ditu inguruan, bakoitza bere espezializazioarekin. Osteopata, nutrizionista, entrenatzaileak eta gainerako profesionalak proiektu beraren barruan aritzen dira. Traineruan bezala, norberak bere lana egiten du, baina helburu komun baten barruan.

Egutegi baten aurkako borroka
Negozioaren lehen urte honetan Arkotxari kirolari eta ekintzaile izaten ikastea egokitzen ari zaio. Hiru edo lau orduko entrenamenduak. Bezeroak, klaseak, kudeaketa, negozioaren arazoak... eta atseden hartzeko denbora. “Inportanteena eguna ondo antolatzea” dela dio lekeitiarrak. Goizeko bostetan entrenatu behar badu, bostetan jaikitzen da. Ondoren lanera. Bere lehentasunak zehaztu eta ordutegia horren arabera antolatzea izan da formula.
Negua izan da zatirik zailena. "Arraunean, urteko sasoi gogorrenetako bat da mentalki". Une batzuetan kirola uztea ere pasatu zaio burutik. "Hala ere, aurrera jarraitu du, esfortzuak merezi duela sinetsi baitut".
Bere egutegia ulertzeko, geografiak ere garrantzia du. Neguan, Lekeition entrenatzen du, Isuntza Arraun Elkartean. Asteburuetan, ordea, Donostiara bidaiatzen du. Ostiraletik igandera entrenatzen dute bertan, beraz, egun horretan klaserik ez, eta gehienez ere zerbait kudeatu. Eta asteburua amaituta, igandean, buelta Lekeitiora.
Udan, berriz, negozioaren antolaketa aldatu behar izan du. Aste erdia berak egiten du: astelehenetik asteazken goizera. Beste erdia lankide batek hartzen du, asteazken arratsaldetik larunbatera, horrek dakarren kostu ekonomikoarekin. “Negozio edo diru aldetik udan gehiago gastatzen dut”, azaldu du.
Arkotxak ikusi du delegatzeak negozioaren funtzionamendua hobetzeaz gain, bere buruari ere mesede egiten diola. Mentalki hobeto egotea eta arraun denboraldian gehiago zentratzea ahalbidetzen dio
Baina, aldi berean, beste ikasgai bat ekarri dio: delegatzen ikastea. Hasieran kosta egin zitzaion bere lana beste pertsona baten esku uztea. Gerora, ordea, ikusi du horrek negozioaren funtzionamendua hobetzeaz gain, bere buruari ere mesede egiten diola. Mentalki hobeto egotea eta arraun denboraldian gehiago zentratzea ahalbidetzen dio.
Arrauna eta enpresa bi jarduera ezberdin dira, baina Arkotxaren ibilbidean lotura argia dute. Bi munduek antzeko zerbait eskatzen diote: epe luzeko konpromisoa. Goi-mailako arraunean, emaitza ez da egun batetik bestera iristen. Entrenamendu, ordutegi eta sakrifizio bakoitza pilatzen joaten dira. Enpresa batean ere antzeko prozesua aurkitu du: bezeroak eraiki, zerbitzuak garatu, profesionalak batu, akatsak zuzendu eta negozioaren kudeaketa ikasi.
Horregatik, arraunean ikasitakoak ez ditu negozioan formula magiko bezala aplikatu, lan egiteko modu bezala baizik. Diziplina, motibazioa falta denean ere aurrera egiteko. Talde-lana, denekin harreman perfektua izatea suertatzen ez den kasutan ere elkarrekin lan egiteko. Esfortzua, momentu zailenetan beste urrats bat egiteko. Eta, agian garrantzitsuena, oreka: gehiago eskatzea ez baita beti gehiago lortzea.
Arkotxak oraindik 22 urte baino ez ditu eta bere negozioak hilabete gutxi batzuk besterik ez. Enpresaren ibilbidea hasi besterik ez du egin. Baina traineruan urteetan ikasitakoak badu dagoeneko bere lehen emaitza: badaki nola egin aurrera nekatuta dagoenean, badaki noiz eskatu gehiago eta badaki noiz gelditu. Azken batean, arraunean bezala, negozioan ere ez baita nahikoa traineruari indarrarekin eragitea. Norabidea ere argi izan behar da da. Erritmoa neurtu. Taldearekin sinkronizatu. Eta, noizbehinka, arnasa hartu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta