• ENPRESAK GAUR
  • BetiON zerbitzuko langileek hiru eraso pairatu dituzte epe motzean

BetiON zerbitzuko langileek hiru eraso pairatu dituzte epe motzean

Langileen aurkako erasoak ekiditeko protokolo falta dela eta, erantzukizuna eskatu diote enpresari

"Babesgabe" sentitzen dira langileak | Argazkia: Irekia
"Babesgabe" sentitzen dira langileak | Argazkia: Irekia
2025eko irailaren 8a - 15:33

Hiru eraso jasan dituzte BetiON telelaguntza zerbitzuko langileek azken bi hilabeteetan, erabiltzaileekin eta zerbitzuarekin zerikusirik ez zuten pertsonen aldetik. Hala salatu du gaur LAB sindikatuak, enpresari erasoen aurkako protokolorik eza leporatuta.

 

Erasoak direla-eta “babesgabe” eta “abandonatuta” sentitu dira langileak, bai enpresaren, bai zerbitzuaren titularraren (Eusko Jaurlaritza) aldetik. Izan ere, erasoak gertatu baino lehen neurrik eta prestakuntza-planik ez eskaintzeaz gain, jazarpenen ondoren zuzendaritzak ez du bestelako ezer egin horrelako arazoak ekidin daitezen. Enpresak telefono bidezko aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa eskainiagatik, sindikatuak argi azaldu du “eskasa” dela ekarpena, eta, gainera, erasotzaileek zerbitzutik baja eman gabe jarraitzen dutela azpimarratu dute.

“Alarmismoan erori gabe”, baina gogorarazi dute BetiONeko enplegatuek “arrisku egoerak bizi izan dituztela”: ibilgailu pribatuetan kolpeak, irain matxistak, etxeetako ateak giltzaz ixtea langileari irteten ez uzteko… gaineratu dutenez, zenbait alditan poliziaren esku hartzea ere behar izan da.

 

Abuztuaren 18an lanuztea egin zuten, hain zuzen, BetiON zerbitzuko enplegatuek. Eskaerak bi ziren: erasoen aurkako protokoloak martxan jartzea eta langileen eskubideak bermatzea. Izan ere, enplegatu bat ausaz kaleratua izan zen, haren lana Madrildik egingo zela argudiatu baitzuen enpresak.

Bihar ere, hilaren 9an, deialdia egin du enpresa batzordeak BetiONen instalazioen aurrean, goizeko 10:30ean, azken hilabeteetako gertaerak publikoki salatzeko.