Mondragon Korporazioko kide den Bexen Cardiok Reanibex 100 motako desfibriladore automatizatuak prestatuko, instalatuko eta mantenduko ditu Madrilgo EMTren autobus-flotarako. Gaur aurkeztu dute proiektua Madrilgo Cibeles Jauregian, eta bertan erakutsi dute gailuek nola funtzionatzen duten.
Uztailean hasi ziren desfibriladoreak instalatzen, eta kalkuluen arabera, urrian amaituko da proiektua. “Une horretatik aurrera, udal-autobus guztiek desfibriladore bana izango dute barruan”, azaldu du Bexen Cardiok. Flota osoan, orotara 2.200 gailu instalatuko ditu Mondragon Korporazioko taldeak, eta hala, “Madrilek kardio-babeserako sare mugikor paregabea izango du”.
Egunero ehunka mila bidaiarik erabiltzen dituzte EMT Madrid-eko autobusak, eta desfibriladore berriei esker, bihotz-biriketako geldialdiei aurre egiteko denbora murriztuko da. “Denbora hori funtsezkoa da bizirauteko probabilitateak handitzeko”, azpimarratu du konpainiak. Gainera, Reanibex 100 gailu bakoitzak geolokalizazio-sistema du integratuta, eta hortaz, une oro haren kokapena zein den jakin daiteke. Gailuak ahozko jarraibideak ere ematen ditu, erreanimazio-prozesu osoan lagungarria dena, partxeak jartzetik hasi eta deskarga emateraino.
Sinatutako akordioa 2.897.040 eurokoa da, BEZa kontuan izan gabe. “Poz handia da gure ekosistemako enpresa batek Madrilgo hiriaren kardio-babesa indartzen laguntzea garraio publikoaren bidez”, adierazi du Javier Amezaga Mondragonen presidenteordeak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta