Espainia mailako Vivanta Dental hortz klinika kateak bere establezimenduak itxi ditu, sorpresaz. Horrek bertan behera utzitako zitak, erdibidean geratu diren tratamenduaketa beste hainbat kalte eragin dizkie bertako bezeroei, klinikak Araba, Bizkai, Gipuzkoa zein Nafarroako hainbat tokitan baitzituzten.
Horri aurre egiteko jarraibideak gogorarazteko oharra kaleratu du Kontsumobidek. Kontsumoaren Euskal Institutuak nabarmendu duenez, kontsumitzaileek eskubideak mantentzen dituzte, enpresa izan baita kontratuan jasotakoa bete ez duena.
Aitzitik, erreklamazioekin berehala hasteko deia egin die, lehenik eta behin dokumentazioa biltzen hasita. Ahalik eta egiaztagiri gehien eduki ahal izatea gako da, tartean sinatutako aurrekontua edo tratamendu-plana jasotzen duena, baita ordaindutako dirua baieztatuko duten ordainagiriak, fakturak, banku laburpenak eta bestelakoak jasotzea ere. Horren ondoren, konpainiari komunikazioa helaraztea gako litzateke, izan aurrez aurre hala posible bada, izan burofax baten bitartez.
Institutuak azaldu duenez, hautatutako ordainketa sistemak eragingo du diruaren erreklamazioa aurkezterako garaian. Klinikak berak kudeatutako kreditu lotuko kontratu bidez finatzatu bada tratamendua, erabiltzailea babestuta dagoela kontsumo araudiagatik, eta bankuari eska diezaiokela ordaintzeke dauden kalte ordainak ez kobratzeko. Kasu horretan ere, finantza erakundeari idazkia bidaltzea ezinbestekoa da, zeinetan jaso behar den klinika itxi dela eta etorkizuneko ordainketak bertan behera uztea eskatu nahi dela. Horrekin batera, gauzatu ez den tratamenduagatik pagatu dena proportzionalki itzultzea eskatu behar da.
Egoera desberdina da enpresari aldez aurretik edo zuzenean ordaindu bazitzaion. Kasu horretan klinikaren titular den sozietatearen izenean bidali behar baitira, eta hartzekodunen konkutso prozedura hasten denean zenbateko proportzionala jakinarazi beharko diote konkurtso administratzaileari. Izan ere, prozedura hori abiarazi du klinikak, zeina SEPIk 40 milioi eurorekin erreskatatu zuen. Hala, prozeduraren hartzekodunen zerrenda ofizialean agertu ahalko dira.
Erreklamazioa norbere udalerriko kontsumitzailearen informazioarako udal bulegotik ere egin daiteke, baita online ere, egoitza elektronikoaren bitartez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta