Bihartik aurrera hasiko dira Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmen berria negoziatzen. Indarrean dagoen hitzarmena (2023an sinatu zuten) datorren urtean iraungiko da, baina dagoeneko elkarrizketak hasiko dituzte FVEM patronalak eta CCOO, UGT eta LAB sindikatuek.
ELAk ez du bihar eratuko den negoziazio mahaian parte hartuko, izan ere, 2023an adostutako itunetik kanpo geratu zen, ez zuen sinatu, akordio hobea lor zitekeela argudiatuta. LABek, aldiz, arduraz jokatzeko deia egin die gainerako sindikatuei eta patronalari, “garrantzia handiko hitzarmena” baita, eta metalurgia sektorearen oinarrizko baldintzak ezartzen baititu, “Bizkaiko industriaren zutabe nagusietako bat” delarik.
Lurraldeko 59.000 langileren lan baldintzak zehaztuko ditu hitzarmenak, gehienak enpresa txiki eta ertainetan ari direlarik. Euskal Herrian langile gehien aritzen den sektorea da metalurgia, eta sindikatuek adierazi dute negoziazioa ez dela erraza izango.
2023ko otsailean sinatutako hitzarmena lortzeko hamahiru hilabetez aritu ziren negoziatzen, eta grebak eta mobilizazioak antolatu zituzten. %15eko soldata igoera adostu zuten, urtez urte KPIaren arabera eguneratzen zena. Horrez gain, lanaldia egun bat murriztea eta subrogazio eskubidea telekomunikazioekin zerikusia duten azpikontratetara ere zabaltzea adostu zuten, besteak beste. Ikusteke dago zer emango duen bihar abiatuko den negoziazioak, "badakigu frenoa jarri, luzamenduetan ibili, zalantzak sortu eta zatiketak sortzeko saiakerak egongo direla", adierazi du LABek.