Dagoeneko eskatu daiteke Bikain euskararen kalitate ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzak sortutakoa. Esparru sozioekonomikoan euskarari lotutako hiru alderdi egiaztatu eta aitortzen ditu egiaztagiri ofizial honek: euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila. Entitate publiko zein enpresek eskatu dezakete ziurtagiria, guztiz doan, eta hiru maila daude, eskuratutako puntuen araberakoa: oinarrizkoa, tartekoa edo zilarrezkoa, eta goi maila edo urrezkoa.
Egiaztagiria maiatzean jasotzeko, martxoaren 1a baino lehen eskatu beharko da. Eskaera egun horretatik aurrera eginez gero, azarora arte itxaron beharko da egiaztagiria izateko.
Tartean erakundeak ebaluazioa gainditu beharko du. Ebaluazio horretan, hainbat alderdi izaten dituzte kontuan, besteak beste, lanerako hizkuntza, irudi korporatiboari lotutako hizkuntza, eta bezero edo herritarrak hartzeko hizkuntza. Gainera, aztertutako alderdien emaitzak erakundeekin partekatzen dira, indarguneak identifikatu, eta erronka eta ahulguneei aurre egiteko.
Azkeneko edizioan, iazko azarokoan, alegia, 27 entitatek eskuratu zuten ziurtagiria, hamaika publikok eta hamasei pribatuk, hain zuzen ere. Horietatik, hamabik jaso zuten urrezko ziurtagiria, hamalauk tartekoa eta batek oinarrizkoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta