Bilbo eta BEC prest Biurtekorako

Bost egun iraungo du BIEMH azokak. Prestaketa lanak, baina, luzeagoak dira. Urteko azokarik garrantzitsuena da, eta eragin ekonomiko handia du: 42,7 milioi euro inguru

Prestaketa lanak azokarako | Argazkia: Niko Cuenca Prestaketa lanak azokarako | Argazkia: Niko Cuenca

Gaur zabalduko ditu bere ateak BIEMH makina-erremintaren biurtekoak. Bost egunez Bizkaia Europako industriaren erreferente nagusietako bat izango da. Biurtekoak, gainera, azoka paraleloak ere ekarriko ditu BECera. Addit3D Fabrikazio Aditiboaren eta 3Dren Nazioarteko Azoka, BeDIGITAL Eraldaketa digitalaren azok , IMIC Industrial Maintenance Innovation Conference hitzaldi zikloa eta WORKinn-Talent Hub enplegu azoka ere burutuko dira aste honetan Barakaldoko instalazioetan. Hortaz, erakusleiho teknologiko aparta bilakatuko da BEC hurrengo egunetan.

28 herrialdetako 1.446 enpresek parte hartuko dute azokan, eta bertan 3.400 makina eta produktu inguru instalatuko dituzte. Izan ere, hori da azoka honen berezitasunetako bat: makinak lanean ikusteko aukera. Azokan ixten diren kontratuen oinarria aurrez aurreko negoziazioa da, produktuen xehetasun teknikoak ezagutzeko aukera. Horrek egiten du BIEMH azoka berezia eta horregatik antolatzaileak tentuz zaintzen dituzte azokaren alderdi guztiak.

Urte eta erdiko prestaketa lanak

Thais Basañez Allende BIEMH Makina-erremintako biurtekoaren zuzendariarekin bildu da EnpresaBIDEA. Eskarmentu handia du honelako azokak antolatzen, eta prestaketa lanak normalean urte eta erdi lehenago hasten direla nabarmentzen du. Aurtengo edizioa, baina, ezberdina izan da. 2021eko ekainean burutu behar zen +Industry azoka urrira artea atzeratu zen pandemiagatik, eta horregatik ohikoa baino denbora gutxiago izan dute edizio hau antolatzeko. Aurtengo azoka "erloju kontrako" antolaketa izan dala dio Basañezek. Normalena, baina, lasaiago antolatzea izaten da. Azoka itxi eta bi hilabetera hasten dira hurrengo ediziorako diseinu lanak. Egindako guztia berrikusi eta hobetzekoak aztertzen dira. Hori da hurrengo ediziorako berrikuntzak definitzen hasteko momentua. BIEMH marka bera ere aztertzen dute, eta marka laguntzen duen claim edo leloa diseinatzen dute. Aurten, More BIEMH than ever —inoz baino BIEMH gehiagoeta parte-hartzeileei zuzendutako You make it big again —zuek egiten duzue handi berriro— izango dira lelo horiek. Azoka nazioartean ezagutarazteko lana estrategikotzat hartzen du Basañezek. Azokara bisitariak eta, hortaz, erosleak erakartzea da helburua, eta horregatik 100 herrialde baino gehiagotan egiten dute lan. Edizio honetan 60 herrialdetik gorako bisitariak izango ditu azokak. 

Negozioak ixteko oinarria aurrez aurreko negoziazioa da, produktuen xehetasun teknikoak ezagutzeko aukera. Horrek egiten du azoka berezi, eta antolatzaileak tentuz zaintzen dituzte alderdi guztiak

Azokaren aurrez aurreko izaerari dagokionez "elkartzeko benetako beharrizana" dagoela dio Basañezek. Bisitariek hori nabarmendu dute, eta baita azokan bertan ekipo handiak martxan ikusteko aukera ere. Alderdi hori da, hain zuzen ere, prestaketa lan bereziagoa eskatzen duena. Azoka Bilbotik Barakaldora mugitzeko orduan makina handien instalazioan pentsatutako diseinua egin zuten. Egungo eraikinak ez du zutaberik, eta horrek instalazio lanak izugarri errazten ditu. Enpresek aurrerapen nahikoaz diseinatzen dituzte azokan jarriko dituzten standak. Muntaia, baina, azoka baino bi aste lehenago hasten da. 15 egun horietan zehar gremio ezberdinetako langileak buru-belarri aritzen dira erakuslehio teknologiko eta industriala izango den azokari forma ematen. 

Horretarako planoak ondo diseinatzea da gakoa. BECek sei pabiloi ditu, eta BIEMHen denak erabiltzen dira. Pabiloi guztien planoen diseinuak egin behar dira enpresei diseinuaren lanetan laguntzeko. Aldez aurretik azokaren zuzendariek badute beste zeregin garrantzitsu bat: enpresak nola kokatuko diren pentsatzea. Hori izaten da konplikatuena. Lotura historikoa duten enpresei lehentasuna ematen saiatzen dira antolatzaileak kokapenak finkatzeko orduan. Izan ere, badira parte-hartzaile historikoak, lehen edizioetatik parte hartu duten enpresak, eta horiek izaten dituzte toki nagusiak. 

Azokaren prestaketa lanak normalean urte eta erdi lehenago hasten dira

Parte-hartzaileei logistika arloan laguntzen saiatzen da Thais Basañezen taldea. Hotelen egonaldiak antolatzeko koordinazio lanetan ibiltzen dira erakusketarientzako plazak eskaintzeko. Biurtekoa azoken turismoaren adibiderik nabarmenena da, eta Bizkaiko ostalaritzan eta hoteletan eragin nabaria du. Joseba Goirigolzarri Destino Bilbao Bilboko hotelen elkarteko bozeramaileak hotelen okupazioa % 90tik gora izango dela azpimarratu du. Azokak irauten duena baino zertxobait gehiago egoten dira bisitariak, zazpi egun inguru. Eragina ez da soilik igartzen okupazioan; gelen prezioetan ere bai. Egonaldien prezioa bikoizten da Biurtekoak dirauen bitartean eta horrek hotelei langile gehiago kontratatzeko aukera ematen die. Beste azoka eta biltzarrak ez bezala, BIEMH aurrekontu altuko azoka izaten da. Parte-hartzaileek egonaldietan, taxietan eta bazkari zein afarietan asko gastatzen dute. "Kasu askotan, negoziazioak ez dira azokan ixten" dio Goirigolzarrik, "oraindik ere akordioak afarietan ixteko ohitura dago", eta horregatik hiria propio prestatzen da. Jatetxe nagusietan langile gehiago kontratatzen dituzte egun hauetarako. Aurten, Bilbon, kongresu gehiago egin badira ere, parte-hartzaileen kopura ez da horrenbeste igo. Biurtekoan, ordea, bai.

BECen bertan ere, ostalaritza zerbitzuak indartu egiten dituzte. BECeko kafetegiaz gain pabiloi bakoitzean kafetegi bana dago, 7 guztira. Bi jatetxe ere izango dira, self-service bat eta food truck gunea. Iruña Catering enpresa da BECeko ostalaritza zerbitzuaren arduraduna. Azokan zehar 200 langilek egingo dute lan espero diren 40.000 bisitariei jaten eta edaten emateko. 

42,7 milioiko eragin ekonomikoa

Argi dago biurtekoak eragin ekonomiko handia duela euskal ekonomian. 2018ko edizioan 900 lanpostu inguru sortu ziren BIEMH azokari esker. Muntaketa lanekin lotutako lanpostuez gain egonaldia, garraioa eta ostalaritzaren alorrean sortutakoak ere badira. BECeko arduradunek emandako datuen arabera biurtekoak 42,7 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen eta 5,3 milioi euro diru bilketa ekarri zion Bizkaiko Foru Ogasunari, bilketa osoaren ea % 0,7.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK