"Fabrikazio aurreratuaren aurrez aurreko ikuskizuna". Hitz horiekin laburbildu du Mari Carmen Gorostiza BIEMHeko Ekitaldi arduradunak datorren astelehenean hasiko den Makina Erremintaren Biurtekoak eskainiko duena. Martxoaren 2tik 6ra erakustokia izango dute 1.503 enpresa izango dira BECeko sei pabilioietan, 34 herrialdetakoak eta 3.335 produktu berritzaile baino gehiago funtzionamenduan ikusi ahalko dira Carpe BIEMH lelopean egingo den 33. edizioan.
Ilusioa izan da nagusi gaur goizean egin den aurkezpenean, erakustokiei dagokionez inoizko azoka handiena izango baita. "Biurtekoa ez da soilik egin dezaketen horren erakustoki; egitera iritsi daitezkeen hori ere erakusten dute enpresek", esan du Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak. "Sektorearen termometro teknologikoa", gehitu du Gorostizak.
Mari Carmen Gorostiza (BIEMH): "Fabrikazio aurreratuaren aurrez aurreko ikuskizuna da Biurtekoa"
Aurten bereziki azpimarratu nahi izan dute Biurtekoaren bereizgarrietako bat dela makina handiak funtzionamenduan ikusteko aukera, azokaren DNAren ezaugarria. "Automatizazioa eta digitalizazioa berrikuntzako palankak dira", adierazi du Gorostizak. Erakustokietan ez ezik, Innovation Workshops berrikuntza tailerretan ere 60 interbentziotik gora egingo dira, besteak beste robot adimendunekin. Halaber, AFM klusterrak eta BECek Berrikuntza sariak ere emango dituzte 16.enez.
Harremanak han-hemen egiteko aukera izango bada ere, BECek espazio berezia eskainiko du horretarako 4. pabiloian. Gainera, nazioarteko dimentsioan pauso bat eman nahi izan dute antolatzaileek, tartean beste herrialde batzuetako fabrikazio aurreratuko enpresen elkarteak ere gonbidatuta. Horietatik 11k izango dute erakustokia, baina 13 izango dira denera azokan. International Associations Area delakoa ere izango da, eta martxoaren 4ean topaketa berezia egingo dute sektoreak mundu mailan bizi duen egoeraren diagnostikoa partekatu asmoz.
Martxoaren 2tik 6ra erakustokia izango dute 1.503 enpresa izango dira BECeko sei pabiloietan
Halaber, aipatzekoa da aurten India izango dela herrialde nabarmendu, Europaren eta herrialdearen artean akordioa sinatu berritan. José Pérez Berdud AFM klusterreko presidenteak esan duenez, horrek "aukera leihoa" zabaltzen die enpresei.
Testuinguru nahasian, dinamika desberdinak
Biurtekoak makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorearen eskutik egin du bidea hasiera-hasieratik, eta azoka zein unetan iristen den ulertzea ezinbestekoa da. Duela pare bat aste iragarri zituen AFM klusterrak 2025eko emaitzak, eta horien irakurketa partekatu ditu Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusiak gaurko aurkezpenean. "Bezero sektoreen eta esparru geografikoaren arabera oso dinamika desberdinak ikusi ditzakegu", adierazi du Ortuetak.
Horren adibide jarri ditu harroketa eta deformazioa: harroketa hazi egin da, zeinak errendimendu eta zehaztapen handiko soluzioak eskatzen dituzten sektoreetarako ekoizten duen —aeronautika kasu—; aitzitik, deformazioak %21eko beherakada izan du, batez ere automobilgintzari loturiko soluzioak eskaintzen baititu, eta sektore horretan inbertsioa baxua izan da. Gainera, hor Txina "bezero izatetik lehiakide izatera igarotzen ari dela" azpimarratu du Ortuetak.
Jose Ignacio Ortiz de Urbina (AIMHE): "Unitate gutxiago saldu dira 2025ean, baina batez besteko tiketak gora egin du"
Makina-erremintako klusterreko sektore guztiak osotasunean hartuta "%4,9ko beherakada izan dute, baina esan behar da 2025ean eskaera zorroa %2,3 hazi dela —harroketan errekorra lortuta—, eta horrekin aurreikusi dezakegu 2026 urte hobeagoa izan daitekeela".
Azken mezu horretan jarri du azpimarra Jose Ignacio Ortiz de Urbina AIMHE makina-erremintako inportatzaileen elkarteko presidenteak. "Esan behar da unitate gutxiago saldu direla 2025ean, baina batez besteko tiketak gora egin duela. Eskaria, beraz, oso ona izan da eta, ikuspegi osoa hartuta, fakturazioa egonkor dago". Automobilgintza nagusi bada ere, geroz eta sektore gehiagotatik ari dira eskaerak jasotzen.
José Perez Berdud (AFM): Gure etxeko onena ekartzen dugu. AFM bera den hori —800 bazkide dituen 8 elkarteren elkartea— izango da azokan topatuko dena
Gauzak hala, arriskuak badirela plazaratu du Ortuetak, baina aukerak ere bai, eta horretarako parada eskatzen duela Biurtekoak. "Ekoizleen eta bezeroen arteko topagune da", azpimarratu du Ortiz de Urbinak. Pérez Berdud AFM klusterreko presidenteak osatu ditu bien hitzak: "Gure etxeko onena ekartzen dugu. AFM bera den hori —800 bazkide dituen 8 elkarteren elkartea— izango da azokan topatuko dena. Lehiatzeko edozein sektorek behar duen teknologia ekoizten dugu".
Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Sustapen Industrialerako sailburuordeak nabarmendu duenez, egungo geopolitika eta koiuntura konplexua ikusita," arraro gerta liteke Biurtekoa industriarentzako ospakizun bezala" ikustea. Aitzitik, "horixe" izan behar duela aldarrikatu du: "industriaren indarra ospatzeko aukera".
Talentuarentzat espazioa
Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasunerako zuzendari nagusiak esandakoaren arabera "oparotasunerako sektore gakoa" da. Bizkakiko industriak duela "talentua, potentziala eta ausardia" Europako industriari "bultza" egiteko.
Edozein kasutan, testuinguruak ezarritako zailtasunez gain, talentua du beste erronka garrantzitsu industriak oro har, eta makina-erremintaren sektoreak zehazki. Horregatik, Biurtekoaren baitan egingo da Workinn Talent izeneko azoka. 30 enpresa eta erakunde baino gehiago izango dira bertan, 350 lan-eskaintzarekin.