• ENPRESAK GAUR
  • Bizkaia inbertsiorako polo gisa aurkeztu dute Madrilen

Bizkaia inbertsiorako polo gisa aurkeztu dute Madrilen

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bizkaia.Invierte topaketan goi mailako erakundeetako 100 ordezkaritik gora izan dira

Topaketan Elixabete Etxanobek inauguratu du eta bertan izan dira Antonio Garamendi, Mario Ruiz-Tagle, Borja Ochoa, Peio Belausteguigoitia, Emiliano López Atxurra, Ainara Basurko e Itxaso Berrojalbiz ere | Argazkia: BFA
Topaketan Elixabete Etxanobek inauguratu du eta bertan izan dira Antonio Garamendi, Mario Ruiz-Tagle, Borja Ochoa, Peio Belausteguigoitia, Emiliano López Atxurra, Ainara Basurko e Itxaso Berrojalbiz ere | Argazkia: BFA
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko ekainaren 16a - 16:55

Zerk egiten du Bizkaia erakargarri industria, teknologia eta energiaren arloetan inbertitzeko? Zein abantaila konpetitibo eskaintzen ditu? Horretan jarri du fokua gaur Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialeko egoitzan eginiko Bizkaia.Invierte topaketak. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, 100 erakunde baino gehiagotako ordezkari bertaratu dira, besteak beste, konpainia handietako eta finantza erakundeetako presidenteak eta kontseilari delegatuak, edota enpresa-erakundeen eta inbertsio funtsen ordezkariak.

 
DSC02154 (1)
Elixabete Etxanobe BIzkaiko ahaldun nagusia | Argazkia: BFA

Ekitaldian lurraldearen indargune industrialak, fiskalak eta berrikuntzazkoak azpimarratzeaz gain, balio erantsi handiko proiektu berriak martxan jartzeko eskaintzen dituen aukerak mahaigaineratu dira. "Lurraldeko erakundeen egonkortasuna, segurtasun juridikoa eta enpresen hazkunde aukerak gizartearen beharrekin lerrokatzen dituen zerga esparrua" eskaintzen duela adierazi du Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak bere irekiera diskurtsoan. 

Hazkunderako aukerak

Saioan, Etxanoberen eta CEOEko presidente Antonio Garamendiren irekiera diskurtsoez gain, bi mahai inguru izan dira. Nola hazi talentutik, berrikuntzatik eta digitalizaziotik izenburupean, lehen mahaiaren helburua izan da aztertzea elementu horiek nola eragiten duten lehiakortasunean eta hazkunde ekonomikoan. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak moderatua, Mario Ruiz-Tangle Iberdrola Españako kontseilari delegatuak eta Borja Ochoa Telefónica Españako presidenteak hartu dute parte. Lankidetza publiko-pribatua eta, bereziki, erakundeen eta enpresa handien artekoa balioan jarri dute, baina baita oro har Bizkaiko berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema ere, inbertsioa erakartzeko, teknologia aurreratuak garatzeko eta enpresen hazkundea sustatzeko proiektu gisa.

 
DSC01854
Basurko, Ruiz-Tagle eta Ochoa | Argazkia: BFA

Aipatutako beste alderdi bat izan da ekonomia espezializazioa, "lehiakorra eta etorkizunera begirakoa". Lurraldearen tamaina elementu gakotzat jo da horretan guztian. Hain zuzen ere, espezializazio hori abiapuntu hartu dute proiektu estrategikoak bultzatzerako garaian. Zehazki, honakoak dira: BAT-B Accelerator Tower Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa, Energy Intelligence Center (EIC), Automotive Intelligence Center (AIC), Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (CFAA), Biqain estrategia kuantikoa eta Global Smart Grids Innovation Hub. Horrekin batera, beste batzuk garatzeko lanean ari da, besteak beste orain gutxi inauguratu den Bizkaia Euskaltel Digital Center delakoa. 

Arestian aipatutako guztiarekin lotura badu ere, talentuaren ikuspegitik eskaintzen dena ere balioan jarri nahi izan dute topaketan. "Lehen mailako lanbide eta unibertsitate heziketako sare bat dugu, ekintzailetza eta azelerazio programak, eta enpresekin lankidetza estuan lan egiten duten teknologia eta ikerketa aplikatuko zentroak. Bizkaian, ezagutza, berrikuntza eta ekoizpen-sarea etengabe konektatuta daude", adierazi du horri buruz Etxanobek. 

Fiskalitate lagungarria

 "Bizkaiko zerga-eredua ez da zergen jaitsiera orokorrak aplikatzea; lehiakortasunean eta ongizate kolektiboan eragin positiboa sortzen duten portaerak sustatzea du helburu", azpimarratu du ahaldun nagusiak. Lehiakortasun horren elementu nagusietako bat fiskalitatea baita. Hain zuzen ere, bigarren mahai-inguruak horretan jarri du fokua, Bizkaia eredua: lehiakortasuna eta ongizatea indartzeko fiskalitatea izenburuarekin. Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuak moderatu du honakoa, eta BBVA Españako country manager Peio Belausteguigoitia eta Petronorreko presidente Emiliano López Atxurra izan dira solaskide. 

DSC02000 (1)
Berrojalbiz, Belausteguigoitia eta Lopez Atxurra | Argazkia: BFA

Ekonomia Itunak horretan rol ezinbestekoa jokatzen duela defendatu dute, zerga-politikak enpresa sareak dituen beharretara egokitzea ahalbidetzen baitu. Horren zenbait adibide azpimarratu dira, hala nola%75era bitarteko kenkariak I+G+b jardueretan, %35ekoak garapen jasangarriari edo energia berriztagarriari loturiko proiektuetan inbertitzeko, edota kreditu fiskala monetizatzeko tresna bihurtzea, azken kasu horretan enpresa berriak sustatzeko tresna baliagarria.

Halaber, 2026rako tributu berriak indarrean sartzea aurreikusi da, profesional berriak Bizkaira erakartzeko kenkari profesionalak edota gazte-enplegurako pizgarriak kasu.