
Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Itsasketa Ganberak gaur aurkeztu du koiuntura ekonomikoari buruzko azken txostena, Jose Ignacio Zudaire erakundeko presidentearen eta Mikel Arieta-Araunabeña idazkari nagusiaren eskutik. Hala, 2024ko azken seihilekoko errepasoa egiteaz gain, egungo Bizkaiko industria enpresen egoera eta etorkizun hurbila ere aztertu dituzte.
2024ko azken seihilekoa
2024ko lehen seihilekoaren aldean, Bizkaiko industria enpresen herenak baino gehiagok, %36k, adierazi du salmenta guztien bolumena hazi egin dela; salmentak berdin mantendu direla azaldu du inkestatutakoen %31k; eta, aldiz, beheratu egin direla %34k.
Produktuen salmenta-prezioari dagokionez, %63k dio egonkor mantendu dituela; %28k prezioak igo ditu, eta, kontrara, prezioak jaitsi dituztela azaldu duten enpresa kopurua %9koa izan da.
Enplegua egonkor mantendu da seihilekoan zehar enpresen gehiengoaren ustetan, hots, %41aren esanetan. %39k adierazi du plantilla handitu duela, eta %20k murriztu egin duela.
Egungo egoera
Inkestatutakoen erdiak baino gehiagok, %56k, azaldu du eskaera-zorro egokia dutela gaur egun, eta lehengaien zein fabrikatutako produktuen stocka ere egokia dela dio enpresen %76k eta %74k, hurrenez hurren.
Bizkaiko enpresen erdiak baino gehiagok, %56k, uste du eskaera-zorro egokia duela egun
Gaur egungo kezka nagusiez galdetu zaienean, lehen faktore gisa nabarmendu da “lehengaien eta energiaren prezioa”, bost puntutatik 3,7ko puntuazioa izan baitu. Hamarreko bat gutxiagorekin (3,6 puntu) “soldata-kostuak” da egungo bigarren kezka nagusia; halaber, hirugarren eta laugarren postua egokitu zaie “profil kualifikatuen kontratazioei” eta “ordena politiko eta sozialeko faktoreei lotutako ziurgabetasunari”, biek ala biek 3,4ko puntuazioa lortu baitute.
Etorkizunean egonkortasuna nagusi
Datozen hilabeteei erreparatuta, enpresen %53k uste du salmenta bolumena egonkor mantenduko dela; %25ek bolumena handituko dela adierazi du, jaitsi egingo dela esan duten %22ari kontra eginda. Salmenta bolumenen zifren oso antzerako datuak atera dira eskaera-zorroari buruz galdetu denean: %55ek mantendu egingo dela dio, %23ak hazi egingo dela, eta %22ak beheratu.
Enpresen %53k uste du salmenta bolumena egonkor mantenduko dela, eta %25ek bolumena handituko dela
Lantaldeari dagokionez, datozen hilabetetan egonkortasuna da nagusi, %81aren iritziz berdin geratuko baita landun kopurua. Enpresen %10ak profesional berriak gehituko dituela azaldu du, eta, kontrara, %9k plantilla murriztuko du.
Trantsizio energetikoari buruzko inkesta
Ganberak eginiko inkestan atal berezia eskaini diote trantsizio energetikoari, eta emaitzen arabera, %43k uste du trantsizioa energetikoan aurrerapausoa emateko oztopo nagusi direla “hasierako kostuak”; %26ren ustetan, “azpiegiturarik ezak” du eragina, eta %15aren iritziz “ezagutza teknikorik ezak”.
Hala ere, inkestatutakoen %41ek adierazi du badakiela “epe luzerako kostuen murrizketa” dakarrela energia berriztagarrien erabilerak, eta %23ak “irudi korporatiboaren hobekuntza” eta “araudien betetzea” aipatu du.
Gauzak horrela, soilik enpresen %25ek baieztatu du iturri berriztagarrietatik jasotako energia erabiltzen duela, nahiz eta erabiltzen duten energia osoaren %1 eta %25 soilik izan; aitzitik, negozioen ia erdiak (%46) onartu du ez duela energia-kontsumorako iturri berriztagarririk aprobetxatzen. Erabiltzen duten energiaren %76 eta %100 jatorri berriztagarrikoak direla esan duten enpresak %6 izan dira.