Apirilaren 29an antolatuko da Bizkaia Orekan Sakonduz topaketa, BECn (Bizkaia), Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Enpresen lehiakortasuna eta lurraldeen arteko oreka indartu nahi dira ekimenaren bitartez, eta horretarako bildu egingo dira Bizkaiko 23 garapen agentziak, baita klusterrak zein enpresa elkarteak ere.
Topaketa goizeko 10:00etan hasiko da eta 11:30ean amaituko da; hala ere, 12:30ak arte networkingerako astia izango dute bertaratutakoek. Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak ekitaldiari hasiera eman ondoren, Xavier Marcetek eskainiko du hitzaldia. Marcet “entzute handiko aditua” da enpresa-estrategian, lidergoan eta berrikuntzan; bere hitzaldian hizpide izango du enpresen arteko elkarlanaren garrantzia garapen ekonomikoari dagokionez.
Marceten ondoren, mahai-ingurua antolatu dute ondorengo sei parte-hartzaileekin: Gaia, Ermuko Udala, Hervel, Meatzaldeako Behargintza zentroa, Solve IMI eta San Martin poligonoa. Hizlariak jada garatu diren agentzien arteko elkarlan proiektuei buruz arituko dira. Horren ondoren elkarrizketa laburra egingo zaio Ainara Basurko diputatuari.