Bizkaiko Foru Aldundiak eta Iberdrolak kolaborazio akordioa luzatu dutela jakinarazi dute, eta bi erakundeek Bilboko Global Smart Grids Innovation Hub (GSGIH) espazioa bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. 2021ean zabaldutako espazio honek sare elektrikoaren sektorean diharduten hornitzaile, start-up, teknologia zentro eta unibertsitateak elkartzen ditu, eta helburu du elektrifikazioaren esparruko berrikuntza sustatzea.
Hala, Iberdrolak eta Bizkaiko aldundiak azaldu dutenez, espazioaren sorreratik I+DE, Iberdrolaren enpresa banatzailearen berrikuntza jarduera %55 hazi da, urtean 40 milioi euro baino gehiagokoa delarik. Gainera, espazioak 8.500 bisita baino gehiago jaso ditu sortu zenetik.
2023aren amaieran espazioan garatutako produktuen gaineko ziurtagiri bat sortu zuten, eta ordutik 18 fabrikatzaile biltzen dituen 13 produktu merkaturatu dira ziurtagiria horrekin. Hubak aurreikusten du 2026 amaierarako sare elektrikoaren berrikuntza hauspotuko duten 20 produktu merkaturatzea.
Era berean, aldundiak eta energia konpainiak Smart Grids Academy (SGA) sortu dute. Bizkaia with the talent programaren baitan sortutako egitasmo honek helburu du energia sektorearen gaineko formazioa eskaintzea sektoreko hainbat eragileei. Formakuntza lau esparrutan ematen dute: adimen artifizialean, zibersegurtasunean, industria adimendunean eta sare adimendunetan.