• ENPRESAK GAUR
  • Bizkaiko enpresen ia erdiak aurten salmentak handitzea aurreikusten du

Bizkaiko enpresen ia erdiak aurten salmentak handitzea aurreikusten du

2024an berrikuntza proiektuak garatu dituzten enpresen %40k adimen artifiziala integratu dute

Ainara Basurko gaurko agerraldian | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Ainara Basurko gaurko agerraldian | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
2025eko uztailaren 10a - 15:08

Bizkaiko enpresen %48k aurten salmentak igotzea aurreikusten du; %15ek, aldiz, salmentak murriztuko dituztela uste du. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren mendeko Beaz sozietate publikoak lurraldeko enpresa-egoeraren barometroaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur.

 

Barometroa egiteko 501 elkarrizketa egin zaizkie hainbat jarduera eta sektoretako 5 eta 250 langile arteko enpresei. Enpresen %92k adierazi du 2024an bere enplegu-mailak mantendu edo gora egin duela. Era berean, %61ek inbertsioren bat egin du, %60k berrikuntza proiektuak bultzatu ditu eta %33k nazioartekotze jarduerak garatu ditu.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak txosteneko datuak aurkeztu ditu gaur goizean, eta, bere esanetan, barometroaren emaitzek Bizkaiko enpresei buruzko ideia sendotzen dute, hau da, "erresilienteak" direla, testuinguru konplexuetara egokitzeko prest daudela eta etorkizunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dutela, proiektu berritzaileekin, inbertsioarekin eta talentuarekin.

 

2024an berrikuntza proiektuak garatu dituzten enpresen %40k adimen artifiziala integratu dute, eta %43k adierazi dute egitasmo horiek karbono-aztarna murrizten laguntzen dutela.

Bestalde, barometroak enpresa proiektuak finantzatzeko bideak aztertzen ditu. Enpresen %80k berrikuntza, inbertsio edo nazioartekotze proiekturen bat egin dute, eta gehienek baliabide propioak erabili dituzte, askotan dirulaguntza publikoekin batera.