• ENPRESAK GAUR
  • Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartzeko lankidetza akordioa sinatu dute Cebekek eta Gaiak

Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartzeko lankidetza akordioa sinatu dute Cebekek eta Gaiak

Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, baina luzatzeko aukera izango dute bi aldeek

Tomas Iriondo (Gaia) eta Francisco Javier Azpiazu (Cebek) | Argazkia: Cebek / Gaia
Tomas Iriondo (Gaia) eta Francisco Javier Azpiazu (Cebek) | Argazkia: Cebek / Gaia
2026ko ekainaren 29a - 12:39
Eg. 2026ko ekainaren 29a - 12:42

Cebekek eta Gaia klusterrak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Bizkaiko enpresetan berrikuntza, eraldaketa digitala eta talentuaren garapena elkarrekin bultzatzeko. Bizkaiko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartu nahi dute bi erakundeek, eta “berrikuntzako, digitalizazioko, talentu-gaikuntzako eta enpresen arteko lankidetza-aukerak” sortzeko ekintzak sustatuko dituzte.

 

Cebekeko idazkari nagusi Francisco Javier Azpiazuk eta Gaiako zuzendari nagusi Tomás Iriondok sinatu dute akordioa. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, baina luzatzeko aukera izango dute bi aldeek.

Patronalak eta EAEko ezagutza eta teknologia Industrien klusterrak aurreikusi dute, besteak beste: jardunaldiak, enpresa-topaketak, tailerrak eta dibulgazio-jarduerak antolatzea; talentua sortu, erakarri eta gaitzeko programak sustatzea; enpresen eta berrikuntza-ekosistemako eragileen arteko lankidetza-aukerak identifikatzea; eta eraldaketa digitaleko nahiz enpresen hazkundeko prozesuak bizkortzen lagunduko duten ekintza bateratuak garatzea.

 

Azpiazuk nabarmendu du "enpresa-erakundeen" eta "eragile teknologikoen" arteko lankidetza funtsezkoa dela enpresek gaur egungo eta etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egin ahal izateko: “Euskal ETEak gure ekonomiaren motorra dira, eta gure eginkizuna haien alboan egotea da, eraldaketa digitalak lehiakortasun handiagoa ekar dezan".

Bestalde, Iriondok nabarmendu du eraldaketa digitala jada ez dela aukera bat, baizik eta enpresen lehiakortasuna eta hazkundea baldintzatzen dituen funtsezko faktorea. “Cebekekin sinatutako aliantza honi esker, gure sektoreak garatutako gaitasun teknologikoak eta ezagutza Bizkaiko ekonomiaren eremu guztietara zabaldu ahal izango dira, lurraldearen lehiakortasuna indartuz”, adierazi du.