• ENPRESAK GAUR
  • Bizkaiko industriak azken lau urteko jarduera txikienarekin itxi du urtea

Bizkaiko industriak azken lau urteko jarduera txikienarekin itxi du urtea

2025ean beherakada etetea aurreikusi dute

FVEMeko arduradunak | Argazkia: Europa Press
FVEMeko arduradunak | Argazkia: Europa Press
EnpresaBIDEA erredakzioa/Europa Press
2025eko urtarrilaren 21a

Bizkaiko industriak azken lau urteetako jarduera-daturik txarrenak izan zituen 2024an, fakturazioa, oro har, %0,72 jaitsi baitzen. Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioko (FVEM) presidente Begoña San Miguelek jakinarazi du datua, 246 enpresa elkarturen erantzunekin egindako azterlana abiapuntu. Lan berean jasotzen denez, enpresen %40k eskaera-maila ahula izan zuten.

San Miguelek adierazi duenez, sektoreak 2023an jarduera-maila positiboa bazuen ere, 2024an aurreikuspenen azpitik geratu dira. Datuok azken lau urteetako okerrenak izan dira, bereziki kanpo-faktoreen eraginez, gerrak eta atzeraldian dauden ekonomiak kasu.

 

Zehazki, enpresen %35,9ren kasuan jarduera aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da, eta heren batek produkzio-ahalmenaren erabilera murriztu du. Arestian aipatu bezala, enpresen %40k dio eskaera-maila ahula duela, eta fakturazioa fakturazioa jaitsi egin da pandemian lehen aldiz, %0,72an. Are gehiago, enpresen %11k galerak izan dituzte.

Hala ere, 2025erako hobekuntza txiki bat espero dutela nabarmendu du Bizkaiko metalaren patronalaren presidenteak, beherakada geldiarazita. Horrek ez du esan nahi susperraldiaz hitz egin daitekeenik, ezta 2022an eta 2023an lortutako mailak berreskuratuko direnik ere. Trumpen administrazio berriak ezarri ditzakeen muga-zergen neurrien zain egon beharko dela ere zehaztu du, defendatuz protekzionismoa inoiz ez dela "albiste ona". Edozein kasutan, enplegu arloan 800 edo 1.000 lanpostu sortzea aurreikusten dutela adierazi du, 2024an 539 lanpostu sortzea aurreikusi ostean.

Lanean jasotzen denez, enpresen kezka nagusiak dira egun nazioarteko ekonomiaren ahultasuna, eta, ondoren, administrazioen eraginkortasun falta absentismoaren kudeaketan.