Aurrera doa Bizkaiko Metalgintzaren 2022-2025erako hitzarmena. Eusko Jaurlaritzaren bitartekari lana medio, lau urteko epean % 15eko soldata igoera onartu dute CCOOko, LABeko eta UGTko afiliatuek, KPIa berrikusteko klausularekin. Hiruak gehituta, gehiengo sindikala osatzen dute. Ostiralean bilera egingo dute, eta bertan aurreakordioa sinatuko dute FVEM patronalarekin, hark ere oniritzia eman baitio proposamenari.
ELAk, ordea, ez du begi onez ikusi planteamendua, euren ustez "eskasa" baita, soldatei zein beste arlo batzuei dagokienez. Tartean, dirusarien alorrean "ziurgabetasun juridikoa" dagoela nabarmendu du, "ez baita gutxieneko bermerako hitzarmenik sinatu". Zentzu horretan, ez du hobekuntzarik ikusten Eusko Jaurlaritzak eginiko proposamenean, eta salatu du gainontzeko sindikatuek "ahultasunagatik" sinatu dutela. Edozein kasutan, ostiraleko bileran izango da ELA ere, eta sindikatuko militantziak asteartean egingo den asanbladan erabakiko du proposamenari oniritzia eman edo ez.
Aipaturiko soldata igoeraz gain, hitzarmenak barne hartzen ditu subrogazioak telefonia eta zuntz optikoaren instalakuntza eta mantenuko langileentzat, baita jurisprudentziak ezarritakoaren arabera, lanegunei loturiko baimen eta lizentziak. Gainera, 28.000 euroko dirulaguntzak onartzen ditu lan-istripuek sortutako ezintasun edo heriotzen gaineko aseguruentzako. Era berean, LGTBI+ kolektiboko pertsonak jazarpen protokoloetan sartuko ditu, eta libre xedatzeko zortzi ordu onartuko ditu, horietatik lau errekuperatu ezin daitezkeenak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta