Bizkaiko migratzaile ekintzaileen aterpea

Etorkinet immigranteek gidatutako ekintzailetza proiektua da, enpresa egitasmo berritzaileak merkaturatzen laguntzeko ekosistema sare bat eratzea helburu duena

Argazkia: Etorkinet
Argazkia: Etorkinet
2025eko ekainaren 21a

Inbiku gizarte-ekimeneko kooperatibak eta Goiztiri elkarteak elkarrekin bultzatutako proiektua da Etorkinet, gizarte erakunde publiko nahiz pribatuz osatutako ekosistema zabal baten lankidetzaren babesarekin hauspotuta. Bere zutarri nagusia pertsona migratzaileek osatutako talde eragilea da, proiektua gidatu eta elkarlanean eraikitzen duena. Hamahiru erakundek osatutako aholku batzorde finkatua du, eremu instituzional, sozial eta enpresarialeko ordezkaritzarekin.

 

Etorkineten bidez, Bizkaiko etorkinen ekintzailetza eta kalitatezko enplegurako sarbidea sustatzen da, laguntza pertsonalizatua, gaitasunen garapena eta babes-sare sendo bat eskainiz. Formazioa, aholkularitza pertsonalizatua, tresna teknologikoen garapena (hala nola Market Place Social Km1) eta sare-lanean oinarritutako estrategia bidez, autoenplegua eta merkatu laboralaren integrazioa modu iraunkor eta duin batean bultzatzen dugu”, dio Garikoitz Ayuela Inbikuren bazkide fundatzaileak.

Pertsona migratzaileei laguntza eskaintzen

Etorkinet 2023an sortu zen, hainbat erakunde eta administrazioren artean egindako diagnostiko partekatu baten ondorioz. Diagnostiko horrek agerian utzi zuen beharrezkoa zela pertsona migratzaileei laguntza ematea ekintzailetzaren eta enplegu duinaren bidean. Lehen fasearen ebaluazio positiboaren ondoren, 2024an proiektuaren sendotze-fasea hasi zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Kalitatezko Enpleguko Proiektu Berritzaileen programaren bidez babestuta.

 

Garikoitz Ayuela (Inbiku): “Sare bat baino gehiago, prozesu kolektiboa da, zerbitzuen kooperatiba bat sortzea eta tokiko ekonomiaren sektore giltzarrietan autoenplegu egonkorretarako aukerak sendotzea helburu duena”

Gauzak horrela, Etorkinet ekintzailetzarako eta gizarteratze eta laneratzen prozesuetarako ekosistema kolaboratiboa da, migranteek eurek gidatuta, ahalduntzea, berrikuntza soziala eta sareko lana ardatz dituena. “Sare bat baino gehiago, prozesu kolektiboa da, zerbitzuen kooperatiba bat sortzea eta tokiko ekonomiaren sektore giltzarrietan autoenplegu egonkorretarako aukerak sendotzea helburu duena”, gehitu du Ayuelak.

Ehun pertsona baino gehiagoren ekintzailetza

Bereziki egoera ahulean dauden kolektiboei, laneratzeko zailtasunak dituzten emakumeei eta autoenpleguak edo kalitatezko laneratzea interesa duten pertsonei zuzendutako dago proiektua. Halaber, enplegupean dauden immigranteei ere irekita dago, lan aukeran dibertsifikazioa bilatzen badute.

Orain arte, ehun pertsona migratzaile baino gehiagok parte hartu dute proiektuko jardueretan. Horietatik, 25 inguru beren ekimenak Market Placean sartzeko interesa azaldu dute. Plataforma honetan Etorkineten baitan sortu diren egitasmo digitalak partekatu daitezke beste ekintzaileekin. Bost pertsonak osatzen dute, egun, talde eragilea, eta hurbiltze prozesuan daude beste pertsona batzuk ere aritzen dira kolaboratzen.

25 inguru beren ekimenak Market Placean sartzeko interesa azaldu dute. Plataforma honetan Etorkineten baitan sortu diren egitasmo digitalak partekatu daitezke beste ekintzaileekin

Proiektuaren harrera oso positiboa izan da; ehun pertsona baino gehiagoren parte hartzea lortu da jarduera eta jardunaldietan, eta Bizkaiko eremu instituzional eta sozialak ere ondo hartu du, aholku batzordea sendotuz eta aliantza berriak bultzatuz.

Ekiten ikasiz

Youssef Laqraa telekomunikazioko teknikaria da, eta 2023. urtetik parte hartzen du Etorkineten. “Parte hartzea beharrezkoa dela uste dut, etorkin askok ekiteko asmoa dutelako baina ez dakite zer nahi duten, eta, beraz, beti dator ondo lehen urratsa aurkitzen laguntzea”.

Laqraaren arabera, Etorkinetetik asko lagundu diote ekintzailetzaren munduan, hala nola eskubideak eta betebeharrak ezagutzen eta proiektuak indartzen. Gainera, hobetu egin du proiektuen exekuzioa, eta joan egin zaio ekiteko zuen beldurra. “Gaur egun, pentsatzen ari diren edo ekiten hasi nahi duten guztiei esan nahi diet Etorkineten ateak irekita daudela hori egiten laguntzeko”, adierazi du.

Jasangarritasun ekonomiko progresiboa

Gaur egun, proiektua dirulaguntza publikoen eta eragile bultzatzaileen (Inbiku eta Goiztiri) kofinantzaketaren bidez ateratzen da aurrera, bereziki Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Kalitatezko Enpleguko Proiektu Berritzaileen programaren bidez. Epe ertain eta luzera, Etorkinetek jasangarritasun ekonomiko progresiboa lortu nahi du, zerbitzuen fakturazioa handituz eta dirulaguntzen mendekotasuna murriztuz.

Yousef Laqraa: “Parte hartzea beharrezkoa dela uste dut, etorkin askok ekiteko asmoa dutelako baina ez dakite zer nahi duten, eta, beraz, beti dator ondo lehen urratsa aurkitzen laguntzea”

Inbiku eta Goiztirirekin batera, 13 erakunde ari dira aktiboki parte hartzen proiektuan. Haien artean honako hauek daude: Bilboko Udala, Bilbao Ekintza, Getxo, Biltzen, BBK Fundazioa, DEMA, REAS Euskadi edota CEAR. Horrez gain, beste erakunde eta sare batzuek ere parte hartzen dute, hala nola Sarekin eta migratzaileen elkarteak.

Gizarte pertzepzioaren aldaketa

Inbikuk Goiztirirekin batera, proiektuaren bultzada eta koordinazio teknikoa egiten du. Diseinu metodologikoa, tresnen garapena (Market Place barne), talde eragilearen dinamizazioa, sareen artikulazioa eta inpaktuaren neurtzea zuzentzen ditu. Gainera, administrazioekin eta enpresekin harremanak errazten ditu, babes-ekosistema jasangarria sendotzeko.

Gauzak horrela, Ayuelaren arabera, epe ertainera, erronka nagusia da Etorkinet zerbitzuen kooperatibaren eratze juridikoa lortzea, sendotze-prozesu egoki baten ondoren. Epe luzera, aldiz, proiektuak beste helburu batzuk ditu; esate baterako, jasangarritasun ekonomiko autonomoa izatea, zerbitzuen fakturazioan oinarritua, talde eragilearen eta babes-ekosistemaren zabaltzea eta dibertsifikatzea, emakume migratzaileen parte hartzea handitzea, enpresa pribatuetako konpainia estrategikoen formalizazioa, eta ekintzailetza migratzailearekiko eta haren tokiko ekonomiaren ekarpenerako gizarte pertzepzioaren aldaketaren eragin sistemikoa izatea.