• ENPRESAK GAUR
  • Bonn eta Madril hiriek 82 ibilgailu erosiko dizkiote CAF taldeari

Bonn eta Madril hiriek 82 ibilgailu erosiko dizkiote CAF taldeari

CAFek LRV ibilgailuak eta autobus elektrikoak salduko dizkie. Bi eragiketen artean 110 milioi euro fakturatuko ditu Beasaingo konpainiak

Urbino 12 motako 60 autobus joango dira Madrilera | Argazkia: CAF
Urbino 12 motako 60 autobus joango dira Madrilera | Argazkia: CAF
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa
2022ko maiatzaren 23a - 16:38
Eg. 2022ko maiatzaren 23a - 22:25

CAFek bi lehiaketa publiko irabazi dituela jakinarazi du gaur. Alde batetik, Bonn hiriak 22 LRV unitate berri erosiko dizkio. Madrilek, bestetik, bere autobusen flota berritu du, eta Beasaingo taldeari 60 Solaris autobus elektriko enkargatu dizkio. Bi proiektuek 110 milioi euro baino gehiagoko sarrerak ekarriko dizkiote. 

 

Bonn hiriari dagokionez, hiriko eta inguruetako garraio-zerbitzuen operadoreek CAF aukeratu dute 22 LRV unitate eta flota horretarako osagaiak hornitzeko. Akordioak, gainera, etorkizunean eskaria beste hamar unitatearekin handitzeko aukera biltzen du. Operadore horien flotak Bonneko tren-garraioa kudeatzen dute, baita Kolonia hiriarekin lotzen duten hiriarteko linea ere. CAFen LRV berriek ibilgailuen flota hori sendotuko dute bidaiarien bolumenean espero den igoerari aurre egiteko. 

Proiektua Ruhrbahn GmbH operadorearentzako 51 LRV ibilgailuen proiektuari gehitu behar zaio. Ibilgailuak antzekoak dira, eta gertu dagoen Essen hirira bideratuko dira. Kontratu hori 2021eko ekainean esleitu zioten CAFi, eta horrek agerian utzi du ibilgailu-modelo horrek izandako arrakasta. Bi kontratuak Ipar Renania-Westfaliako estatu federaturako izango dira. Estatu horrek 18 milioi herritar inguru ditu eta biztanle kopuru handiena duen Alemaniako estatua da. 

 

Madrilgo autobusak

Madrilgo Garraioen Udal Enpresak (EMT) CAF Taldea aukeratu du Urbino 12 motako 60 autobus elektriko hornitzeko. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du hiriak isurpenik gabeko ibilgailu isil hauek erosita.

EMT enpresak helburu gisa ezarri du 2025ean flotaren % 25 elektriko bihurtzea eta 2023tik aurrera diesel-motorra duten autobus gehiago ez erostea. Hau ez da CAFi egiten dioten lehen eskaria. Duela urtebete, Solarisek EMTrekin akordioa adostu zuen gas natural bidezko 250 autobus hornitzeko. Madrilgo operadoreak aukeratu dituen Solaris etxeko ibilgailu elektrikoek azken belaunaldiko baterietatik lortuko dute energia, eta horrek zerbitzua eman ahal izateko autonomia eta operatibitate egokia bermatuko du. 

Gaur egun, Solarisen 450 autobus inguru dabiltza Espainiako hirietan, eta gehienek zero isurpeneko edo isurpen baxuko teknologia dute. Izan ere, Solaris Europako liderra da autobus elektrikoen eta hidrogeno bidezko autobusen merkatuan.

Urte hasiera ona

Urte hasiera ona izan du CAFek. Lehen hiru hilekoan 1.139 milioi euroko kontratuak sinatu zituen, aurreko urtean baino % 5 gehiago. Mozkinak % 1ean hazi dira. 57 milioi euro irabazi zuen, salmentekiko % 7,8. Apirilean bertan CAFek Granada, Milan, Bartzelona eta Dortmund hirietarako ibilgailuen hornidura ere irabazi zuen, 140 milioi guztira.