• ENPRESAK GAUR
  • Borja Irizar: “Ex3ren helburu nagusia da gure enpresetan euskarak eduki behar duen rola adostea"

Borja Irizar: “Ex3ren helburu nagusia da gure enpresetan euskarak eduki behar duen rola adostea"

Enpresaburuek euskararekiko duten konpromisoa bideratu nahi du Ex3 elkarte berriak. Irizar da egitasmoaren sortzailea.

Borja Irizar Saresoft konpainiako zuzendari nagusia da | Argazkia: utzita
Borja Irizar Saresoft konpainiako zuzendari nagusia da | Argazkia: utzita
2025eko urriaren 4a - 05:30

Ex3 izeneko egitasmoa jarri du abian berriki Borja Irizar Acillona Saresoft enpresako zuzendari nagusiak. Euskal Herriko enpresari euskaldunak elkartzea izango du xede, “euskararen arloan abiapuntuak adosteko eta erabakiak hartzeko”. Izan ere, euskararen arloan diharduten elkarteei enpresarien ikuspuntua gehitu nahi dio Ex3k. Enpresetan gure hizkuntzak izan behar duen rola adostuko dute bazkideen kuotekin auto-finantzatuko den elkarte berri honek. Euren web orriarekin lanean ari dira jada, eta ahalik eta enpresaburu gehien erakarri nahi dituzte proiektura, Euskal Herrian nagusi diren enpresa txiki edo ertainetako arduradunak batik bat.

 

Abiatzen ari den elkartea da Ex3, zeintzuk dira helburu nagusiak? 

Hainbat elkarte eta erakunde daude lanean Euskal Herrian euskararen inguruan lan egiten, baina enpresarioi dagokigunez, ez zegoen ezer. Euskara ordezkatuta egon behar da enpresarion artean ere. Guk, Euskal Herriko enpresariok, gizartean daukagun ardura oso sakona da. Euskararen alorrean gauzak adostea dugu helburua. Kontu zehatzetan urratsak eman daitezke. Zergatik ez ditugu elebidun jartzen iragarki guztiak enpresa guztietan? Askotan gertatzen da enpresa batera joan eta nahiz eta enpresaria euskalduna izan iragarki guztiak gaztelaniaz egotea. Ez du kontuan hartu euskararen presentzia beharrezkoa denik. Elkartearen helburu nagusia gure enpresetan euskarak eduki behar duen rola adostea da. Horrela, euskarari duintasuna ematen diogu, enpresarien benetako jarrera eta arima gizarteari azaltzen diogun bitartean

 

Aurreiritzi asko izan al da gurean enpresarien eta euskararen gainean?

Uste dut ezin dela soilik kanpotik etorri euskararekiko konpromisoa enpresetan. Barneratu egin behar dira gauza horiek. Enpresariak pentsatu behar du beharrezkoa dela, eta orduan egingo du. Ez duzu kanpoko jenderik behar hori esateko. Kontzientzia enpresarion artean hartzen badugu, tailer txiki batean eman daitezkeen aldaketak, adibidez, errazagoak izango dira. Enpresarion gainean gizartean dagoen irudia erabat nahasita eta okertuta dago.

"Enpresarion gainean gizartean dagoen irudia erabat nahasita eta okertuta dago"

Euskararen erronka ikaragarria da, zelan erakarriko dituzue enpresariak elkartera?

Bai, jakina, hori da erronka. Enpresariekin egindako bileren bidez egiten ari gara lan hori. Gure ikuspuntua azaltzen diegu. Esaterako, Euskal Herriaren irudia benetakoa izatea nahi dugu. Bere burua agertzen ez duen herrialde bat ezin da erakargarria izan. Erakargarria izateko zu zarena saldu behar duzu. Momentuz, banan-bana joan naiz enpresetara gure berri ematera. Euskararen erronka ikaragarria da, eta euskarak gure babesa eta bultzada behar du. Guk, gure posiziotik, asko egin dezakegu.

Euskararekiko esperientziak partekatuko dituzue Ex3 bitartez. Zein izango da antolaketa eta funtzionamendua?

Momentuz, enpresa nabarmenen bila aritu gara zerrenda bat osatzeko. Sustatzaileen zerrenda bat osatu nahi dugu eta hortik abiatu. Bazkideen kuotekin auto-finantzatuko gara ez dugulako erakundeen menpe egon nahi. Kopuru txiki bat ordainduko du bazkide bakoitzak eta bilera pare bat egingo ditugu urtean zehar. Une honetan, ez dugu plangintza ekonomikorik, momentuz ez delako garrantzitsua. Sustatzaileen ardura batez ere eredua ematea izango da. Saiatuko gara enpresari txikien artean gure presentzia zabaltzen. Udalerri euskaldunetatik hasiko gara eta euskara galduta dagoen zonaldeekin jarraituko dugu.

"Ostalaritzan, adibidez, langile batek ez badu euskaraz erantzuten ez da langilearen errua enpresariaren erantzukizuna baizik"

Zergatik uste duzu enpresarien gainean irudi “okerra”, zure hitza erabiliz, dagoela gizartean?

Gizartean euskararen garrantzia handitu nahi dugu. Enpresarien artean zabaldu egin behar dugu euskararen gaineko erantzukizuna. Ostalaritzan, adibidez, langile batek ez badu euskaraz erantzuten ez da langilearen errua, enpresariaren erantzukizuna baizik. Uste dut lan hori orain arte ez dela egin. Egun taberna batean zerbait euskaraz eskatzea ia-ia ezinezkoa da. Argi izan behar dugu nora joan nahi dugun gizarte eta herri modura. Gainera jasan dugun galera ez da ingelesaren moduko hizkuntza batean berba egiteko, gaztelaniaz hitz egiteko baizik.