
Basauriko Bridgestoneko langileek greban jarraitu dute gaurko egunez, eta lantegia geldiarazi dute berriro ere. Oraingoz, bederatzigarren greba hau da azkena Basaurikoentzat.
Lanuztea eginagatik, atzo enpresak langileei egindako proposamena hobetu zuen: kaleratutako langileen kopurua (335 pertsona) beheratzea aukera gisa aztertu du konpainiak, kaleratzeengatiko ordaina 27 egunetik 35 egunera igoko du, eta aurre-erretiroa negoziatzeko prest ere agertu da. Sindikatuentzako, ordea, neurri horiek ez dira nahikoa. Kaleratze-ordaina, gutxienez, 43 egunekoa izatea eskatu dute, 2012. urteko kaleraketetan hala izan zelako; kaleratu kopurua ere "puztuta" dagoela azaldu dute langileek.
Gauzak horrela, negoziaziorako epea luzatzea adostu dute, hasiera batean gaur amaitzen baitzen; langileak eta enpresako buruak berriro bilduko dira, bai maiatzaren 8an, baita 12an ere.
Langileek gaur goizean dute bilera orokorra, azken proposamen horri buruz eztabaidatzeko eta hemendik aurrera hartu beharreko neurriak zein diren erabakitzeko.