• ENPRESAK GAUR
  • Bridgestonek lan-erregulazio espedientearen baldintzak leundu ditu

Bridgestonek lan-erregulazio espedientearen baldintzak leundu ditu

45 langile gutxiago kaleratuko ditu Basauriko lantegian. Kaleratzeagatiko kalteordaina urteko 45 egun izango dira, 35 egun beharrean

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2025eko maiatzaren 8a
Eg. 2025eko maiatzaren 8a

Bridgestonek eskaintza berri bat helarazi die sindikatuei gaur. Lan erregulazio espediente bete-betean, negoziatzen ari dira sindikatuak eta konpainiaren zuzendaritza. Hasiera batean kaleratzeak 546 langileri eragingo bazien ere, horietatik 335 Basauriko lantegikoak eta 211 Puente San Miguelekoak (Kantabria), azkenean, 290ra murriztu ditu kaleratzeak Bizkaiko lantegian (45 gutxiago) eta 201era Puente San Miguelen (10 gutxiago).

 

Kaleratzeagatiko kalteordainen eskaintza ere hobetu du zuzendaritzak joan den asteartean eskainitako urteko 35 egunetatik 45 egunera, eta borondatezko bajak aztertzeari ekin dio, kalteordain berarekin.

Bileraz gain, gaurko greba zuten deituta Basauriko fabrikan, eta sindikatuen arabera, jarraipena erabatekoa izan da. Halaber, erretiro plan berri bat jarri du mahai gainean enpresako zuzendaritzak: 57 urtetik aurrerako langileei aurretiko erretiroa hartzeko aukera eskainiko die. Sindikatuen arabera, denera 81 langileri eragingo lieke neurri horrek, Basauriko plantan 45 behargini.