• ENPRESAK GAUR
  • Brokolia maitatzen irakatsi nahi digun 'start-up' nafarra

Brokolia maitatzen irakatsi nahi digun 'start-up' nafarra

'Start-up' nafarrak barazki eta bestelako jakien berezko lehengaiak aprobetxatu eta sustatu nahi ditu

Ingredaliako lantaldea | Argazkia: utzita
Ingredaliako lantaldea | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2026ko ekainaren 9a - 05:30
Eg. 2026ko ekainaren 9a - 09:40

Ingredalia konpainia nafarraren funtsa oso argia da: elikagaien osagaiak "berreskuratzea". Halaxe kontatu dio EnpresaBIDEAri Miguel Ángel Cubero Márquez egungo zuzendari orokor teknikoak. Horretarako jarraitzen duten prozesua oso-osorik azaldu du: “Bioaktiboa identifikatzen dugu, produktu horretan oraindik dagoena eta berreskuratu nahi dena ikusteko; laborategiko lana ere egiten dugu. Ondoren, eskalatzea, industria mailara eramatea eta merkatuan jartzea da gure lana“.

 

2017an TRASA Tratamiento Subproductos Agroalimentarios S.L. enpresaren eta Tecnalia zentro teknologikoaren artean sortua, Ingredaliak ia bi urte behar izan zituen lehen kapital sarrera handia lortzeko. "Hazi-kapitala izan zen, 2019ko abendurako eskuratutakoa, gehiena nekazaritza esparruko enpresen jabeetatik". 7 urte beranduago, foodtech esparruko 500 enpresa garrantzitsuenen artean da mundu mailan, Forward Fooding plataformaren arabera. Zehazki, 371. postuan kokatuta dago. 

Orain arte egoitza soziala Milagron (Erribera, Nafarroa) izan du, eta egoitza operatiboak Noainen eta Tuterako nekazaritzako hirien artean, baina 2026an aldaketak ikusten dira: Milagro eta Noaineko egoitzak itxiko dituzte, eta den-dena Tuterako nekazaritza hirira eraman, CEINek bertan duen 400 metroko nabe batera.

 

Berezkotasuna bermatzea

Haien produktu izarraren abiapuntuan barazki bat dago: brokolia. Ebroko bailara produktu horren esportatzaile handienetakoa da mundu mailan, produktu izoztuak edota kontserbak aintzat hartuz gero. Aitzitik, prozesu industrial horien guztien ondorioz, "bailaran urtean 50.000 tona azpiproduktu galtzen dira" zuzendariak azaldu duenez. Izan ere, giza kontsumorako albo batera utzi ohi dira hostoak edo zurtoinak, esaterako, komertzialki balio gutxi dutenak.

Ingredaliak, baina, horiek berreskuratu egiten ditu. Zer dela eta? "Brokoliak bi osagai ditu, eta horiek elkarri eragiten diotenean, sulforafanoa deritzona eratzen dute", kontatu du Curberok. Hainbat ikerketen arabera, sulforafanoak zelulei laguntzen die estres oxidatiboari egokiago aurre egiten, kalteberak izan daitezkeen zenbait sustantzia hobeto kudeatzen, edota defentsa egokiagoa egiten. "Sulforafano deituriko substantzia onuragarria da beraz, baina horretarako jan egin behar da, erreakzioa gerta dadin". 

Ingredaliak, beraz, sulforafanoa sortzea ahalbidetzen duten osagaiak berreskuratzen ditu, eta mikrokapsula bihurtu. Are gehiago, "bere garaian Tecnaliak garatutako teknologiarekin lotzen du, geruza bikoitzeko mikrokapsula batean. Mikrokapsulak azidotasunari eusten dio, eta hestera iristen denean ireki egiten da, erreakzioa eragiten du, xurgatu egiten da eta berreskuratutako efektu onuragarria indartzen du”, dio Cuberok. Produktuak Suforaphan Smart izena du.

2
Ingredaliaren produktuak | Argazkia: utzita

Hainbat alorretara aplikatu daitezkeen soluzioak

Produktu horrek elikaduran ongi funtzionatzen du "betiere produktua azidoa bada, baina hori ez da arazoa, elikagai gehienak azidoak baitira". "Osagaia zapore aldetik oso neutroa da, eta onura dosia oso txikia, egunean 50 eta 100 miligramo artean hartu behar dira; hori aplikatzea oso erraza da", gehitu du zuzendari orokor teknikoak. Adibidez, "60 gramoko ogi bat jaten baduzu eta osagaitik 100 miligramo baino ez badaramatza, ia ez da nabaritzen".

Ingredaliak elikadura-osagarriak ere egiten ditu "pastilla batean, kapsula batean edo beste edozein formatan". Bertan du merkatu gehiena, eta Lituaniara, Alemaniara eta Erresuma Batura esportatzen du, besteak beste. Laster Frantzia eta Italian ere salduko dute.

Ingredaliak elikadura-osagarriak ere egiten ditu "pastilla batean, kapsula batean edo beste edozein formatan"

Animalientzako, batez ere zaldientzako, forma galenikoak ere ekoizten dituzte. Arabiar Emirerri Batuak dira esportazio jomuga nagusia egun, eta Asiako beste herrialde batzuetara eta Ameriketako Estatu Batuetara ere laster salto egitea espero dute. Era berean, zakur eta katuentzako produktuak eskaintzeko pausoak ematen ari dira, izan ere, "maskoten merkatua oso indartsua bihurtzen ari da Europan eta Estatu Batuetan".

Azkenik, kosmetikako produktuak egiten dituzte "bezero jakin batentzat, Cantabria Labsentzat". Produktua birformulatzeari esker, bi urtetan elikagaia egokitzea lortu zutela azaldu du zuzendariak.

Premien erritmoan hazi den lantaldea

Gaur egun, Ingredaliak sei langile ditu, eta "laguntzeko bekadun bat edo bi, normalean Nafarroako Unibertsitate Publikokoak". Egoera horretara iristeko bidea, baina, ez da beti erraza izan. 

Proiektuan hasi berritan Miguel Ángel Cubero bakarrik izan zen, "industria-bazkideekin batera, kontzeptuak baliozkotzen eta lehen industria-eskalatzea egiten, baita finantzazioa bilatzen ere". Lehen diru-sarrerarekin "bi pertsona sartu ziren, bata operazioak eramateko, produkzioa kudeatzen hasiak zirelako; eta bestea laborategirako eta I+Grako". Bezeroak izan eta saltzen hasi zirenean, laugarren pertsona bat bilatu zuten.

2024aren amaieran, baina, arazo nabaria izan zuten: "komertzial pare bat ez ziren taldera batu eta I+Gko arduradunak joan egin ziren". Cubero bera eta Operazio zuzendaria geratu ziren, eta I+Gko zuzendari berri bat, zuzendari zientifiko bat, negozio garapeneko zuzendari bat eta kalitate teknikari bat kontratatu behar izan zituzten.

3
Ingredaliak bere produktua sortzeko brokoliak erabiltzen ditu | Argazkia: utzita

Elkarlan estua bezeroekin

Sektorean oso ohikoa da banatzaileekin lan egitea. "Merkatu batean saltzeko oso ondo ezagutu behar da, eta ordu asko ematen dituzu hori ezagutzen, edo dagoeneko ezagutzen duen norbaitekin elkartzen zara eta egiten duzuna erakutsi besterik ez duzu egin behar", azaldu du Cuberok. Hasieran, azken bezeroekin erlazionatzen ziren gehiago, Ingredalia "existitzen ez zen produktu bat zuen enpresa berritzailea" zelako, eta, kasu horretan, "jendeak probatzea eta funtzionatzen duela ikustea da lehenengo gauza". Suforaphan-Smarten gaur egungo bertsioa hamabosgarrena da; "lehenengoekin ikasi genuen zerk ez duen balio eta zerk funtzionatzen duen", baieztatu du.

Arestian aipatutako aintzatespenaz gain Ingredaliak Top101 Spain Up Nation zigilua jaso zuen Enisa erakundeari esker. Bezero ikuspegitik gakoa da. Zuzendariak azaldu duenez, "horrelako aintzatespenek ikusgarritasuna ematen dizute. Jendea ezagutzeaz eta networkinga egiteaz gain, balorazio horietan interesa eduki dezaketen balizko bezeroek zuk eskaintzen duzuna bilatzen dute". Horrek "oso ondo funtzionatzen duela" adierazi du Cuberok, batez ere hasieran, "inork ezagutzen ez zaituenean, eta hor egotea eta existitzea lortzen denean".