
Lan Ikuskaritzak aldi baterako 130 kontratu baino gehiago behin betiko egitera behartu du Besaingo (Gipuzkoa) CAF enpresa, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.
Ohar bidez, LABek gogorarazi du joan den apirilaren 25ean Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu zuela "enpresak iruzurrezko erabilera egiten zuela ekoizpenaren inguruabarren behin-behineko kontratuekin". Sindikatuaren ustez, kontratu horiek "guztiz aurreikus daitezkeen lanak egiteko" dira, eta, gainera, urtebeterako aplikatzen dira, "gorabehera horren iraupenak gehienez ere hiru hilabetekoa izan beharko lukeenean".
Azaldu duenez, Ikuskaritzak arrazoia eman die eta enpresak "gutxienez 130 pertsonari behin betiko kontratua egin behar izan die". Horrez gain, sindikatuak dio datozen egunetan zuzendaritzak finko egin beharko dituela gainerako kontratu irregularrak dituzten langileak.