CAFen administrazio kontseilua salatu dute gizarte zibileko sei erakundek. Sidenorrekin gertatu moduan, arrazoiak Palestinarekin du zerikusia; izan ere, salatzaileen iritziz Beasaingo konpainiak Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan parte hartzeak zuzenean bihurtzen du palestinarren aurka egiten dutenen konplize.
Kataluniako Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartea da salaketa jarri duenetako bat. Talde berberak jarri zuen denuntzia Sidenorren aurka pasa den urtean, kontrabando delitua eta gizateriaren aurkako krimenetan edo genozidioan konplize izatea egotzita. Beste elkarte batzuekin bildu da oraingoan, CAFen aurkako kereila jartzeko.
Jakina zen Andrés Arizkorreta García buru duen konpainia parte hartzen ari zela Jerusalemen eraikitzen ari diren tranbian. Proiektua duela sei urte jarri zen martxan, 1.800 milioi euroko inbertsioarekin; euskal konpainiaren egitekoa tranbiak hornitzea eta mantentze-lanez arduratzea da. Hala ere, konpainiatik irailean justifikatu zuten euren lana, giza eskubideen gaineko ebaluazioak egin direla eta urraketarik ez dagoela baieztatuta; are gehiago, proiektua biztanleentzako onuragarria zela berretsi zuten.
Salaketa jarri duten elkarteek, ordea, kontrakoa uste dute. Tranbia Jerusalemen ekialdea (Israelek okupatuta duena) mendebaldearekin lotzen du, “auzo palestinarren zatiketa areagotuz”. Zehazki, hiru delitu aipatu dituzte: herritarrak okupatuta dauden lurraldeetara mugiaraztea, segregazioa bultzatzea, eta 1949 urteko Genevako Laugarren Konbentzioa urratzea (azken horrek okupaziopean dauden zibilak babesten ditu). Era berean, gogorarazi dute Espainiako Estatuak baduela aukera enpresa zigortzeko, CAFen egoitza nagusiaren kokapena dela eta.