CAFek 200 milioi euroko akordioa itxi du Taiwanen

23 tranbia ekoitziko ditu konpainiak

CAFek Taiwanen egiten duen bigarren hitzarmena da | Argazkia: CAF
CAFek Taiwanen egiten duen bigarren hitzarmena da | Argazkia: CAF
2025eko ekainaren 9a

CAF konpainiak akordio berria egin du Gamuda Berhard enpresa eraikitzailearekin, zeinari Taipei Berrirako (Taiwan) 23 Urbo tranbia ekoitziko dizkion. 200 milioi euroren truke, CAFek tranbiak ekoizteaz gain zerbitzu gehigarriak ere eskainiko dizkio (ordezko piezak, gidatzeko simulagailua, gordailuak…).

 

Ibilgailu bakoitzak bederatzi modulu izango ditu, 55 metroko luzera gaindituta, eta 615 bidaiari garraiatzeko gaitasuna izango dute. Azaldu dutenez, teknologia aurreratua izango dute tranbiek, eta bereziki prestatuko dira herrialdeko egoera klimatikora. Horrez gain, kontuan izango da Taipei Berriko biztanle-dentsitatea.

Izan ere, Taipei Berria herrialdeko udalerririk handiena da, gutxi gorabehera 4 milioi biztanlerekin. Udalerrian gero eta jende gehiago bizi denez, eta, ondorioz, garraiobideen eskaria igotzen ari denez, azpiegitura berriak lantzen ari dira, eta horren baitan egin da hitzarmen berria.

 

CAFek Taiwanen egin duen bigarren akordioa da gaurkoa, aurrez beste proiektu bat ere garatu zuelako Kaohsiung hirirako. Bertan, katenariarik gabeko munduko lehen tranbia-linea ekoitzi zuen konpainiak.