CAF taldeak hidrogenozko 52 autobus egingo ditu Alemaniarako

Hidrogenozko teknologiari lotuta inoiz egin duen kontraturik handiena da

CAFen hidrogenozko autobusetako bat | Argazkia: CAF CAFen hidrogenozko autobusetako bat | Argazkia: CAF

Rebus Regionalbus Rostock operadore alemaniarrak, Rostock eskualdeko garraio publikoaren kudeaketaren arduradunak, akordioa itxi du CAF taldeko Solaris enpresarekin, Solaris Urbino hidrogenozko 52 autobus hornitzeko. Horietako bost 18 metroko ibilgailu artikulatuak dira.

Beasaingo konpainiak azaldu duenez, hidrogenoari lotuta inoiz sinatu duen kontraturik handiena da Solarisena. Aurreikusita dago unitateak 2024aren amaieran entregatzea. Autobus berrien hornidurarekin batera, Güstrow eta Bad Doberan hirietan hidrogenozko bi zerbitzugune eraikitzea aurreikusten du kontratuak.

CAFen arabera, ibilgailuek azken belaunaldiko hidrogenozko erregai gelaxkak izango dituzte eskatutako bi autobus ereduetan: 70 kilowatteko autobusaren 12 metroko bertsioan eta 100 kilowatteko autobus artikulatuaren kasuan. Era berean, Solaris High Power trakzio bateria bat izango dute, ibilgailuaren energia eskari handiena dagoen uneetan erregai pilari laguntzeko.

Solaris hidrogenozko autobusen lehen ekoizlea da Europan, eta merkatu kuotaren %60 baino gehiago du. Hidrogenozko 100 ibilgailutik gora egin ditu Italiako, Alemaniako, Herbehereetako, Suediako eta Poloniako operadoreentzat, eta beste 100 bat ari da egiten.

CAFen aurreikuspenen arabera, 2023 amaitzerako, hidrogenoa edo beste teknologia batzuk erabiltzen dituzten autobus elektriko eta hibridoen 3.000 ibilgailu inguru izango dira Europako 20 herrialde baino gehiagotan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK