• ENPRESAK GAUR
  • CAFek bi hitzarmen berri lortu ditu Txilen eta Kolonbian

CAFek bi hitzarmen berri lortu ditu Txilen eta Kolonbian

Medellingo (Kolonbia) metrorako hamahiru unitate eta Txileko Santiagoko metrorako beste sei ekoitziko ditu

Argazkia: Europa Press / CAF
Argazkia: Europa Press / CAF
2024eko abenduaren 9a
Eg. 2024eko abenduaren 9a

CAF enpresak kontratu berriak itxi ditu Txilen Eta Kolonbian. Alde batetik, Medellingo (Kolonbia) metrorako hamahiru unitate ekoitziko ditu; bestetik, sei unitate fabrikatuko ditu Txileko Santiagoko metrorako. Orotara, eginiko bi kontratuak kontutan izanik 200 milioi eurotik gora lortuko ditu konpainiak. “Latinoamerikako merkatuan duen presentzia sendotuko” duela adierazi du euskal konpainiak.

 

Medellingo kontratuari dagokionez, La Empresa de Transporte Masivo del Valle de Aburrá Limitada-Metro de Medellin LTDA enpresak esleitu dio CAFi egitekoa. Hamahiru unitateez gain, konpainiak egin beharko ditu metroko instalazioetan probak, baita amaierako muntaketa lanak ere. Unitate bakoitzak hiru kotxe izango ditu, eta A eta B lineatan arituko dira. CAFek aurrez ekoitzi izan ditu unitateak Medellingo metrorako (38 unitate 2009 eta 2018 urteen artean) eta orain egingo dituenak “antzekoak” izango omen dira.

Txileko kontratua La Empresa de Transporte de Pasajeros Metro S.A.-Metro Santiago sozietatearekin hitzartu du CAFek. Konpainiak bosna kotxeko sei unitate egingo ditu, eta GoA4 gidatze automatikoko sistema izango dute. Euskal konpainiak azpimarra egin du Santiago metroaren moduko bezero batek duen garrantzian, “mundu mailan teknologiari dagokionez puntan dagoen operadoreetako bat delako”.