Île-de-France Mobilités, Paris eta inguruko garraioa kudeatzen duen konpainiak, 150 milioi euro baino gehiagoko kontratua esleitu dio CAFi 15 tranbia egin ditzan.
T13 linearako tranbiak egingo ditu Beasaingo enpresak. Linea hori Île-de-France eskualdeko garraio sarearen parte da eta RATP Cap Île-de-France enpresak kudeatzen du, RATP Régie Autonome des Transports Parisiens konpainiaren filialak, hain zuzen. Kontratuak, gainera, flotarako ordezko piezak eta tranbia gehigarriak ekoizteko aukera ere barne hartzen du.
15 tranbia horiekin Paris eta inguruko udalerrien arteko bidaien iraupena murriztu nahi da. 42 metro luzera izango dute tranbiek eta 2,65 metroko zabalera. 86 eserleku izango ditu eta beste 170 erabiltzaile (zutik) sartzeko moduko azalera izango dute.
CAFek urtearen hasieran SNCF Voyageurs konpainiarekin sinatu zuen akordioa Akitania Berriko eskualderako Régiolis plataformako 10 tren hornitzeko asmoz. Euskal konpainiak azaldu duenez, bi kontratuok berresten dute "Frantziako merkatuan mugikortasunaren arloan produktu-gama zabalenetako bat eskaintzeko duen gaitasuna", distantzia luzeko Intercités trenetatik hasi eta zero emisioko autobusetaraino, aldiriko unitateak, tranbiak eta metroak barne. Gauzak horrela, Frantzia da CAFen merkatu nagusietako bat gaur-gaurkoz.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta