• ENPRESAK GAUR
  • CAFek 400 milioi euroko kontratua sinatu du Madrilgo metroarekin

CAFek 400 milioi euroko kontratua sinatu du Madrilgo metroarekin

Beasaingo multinazionalak 40 tren ekoiztuko ditu eta etorkizunean gehiago egiteko aukera aurreikusten da

Argazkia: CAF
Argazkia: CAF
2024eko ekainaren 17a
Eg. 2024eko ekainaren 17a

CAFek eta Madrilgo metroak 400 milioi inguruko akordio berri bat sinatu dute, hiriko erakundeak flota berritzeko eta handitzeko egingo duen inbertsioaren baitan. Beasaingo multinazionalak 40 tren diseinatu eta hornitzeko ardura hartuko du, eta tren horiek 6. eta 8. lineetan erabiliko dira. Horrez gain, flotaren bizi-zikloa optimizatzeko programa bat garatu eta ezartzeko ere balioko du lankidetza hitzarmenak. Etorkizunean hornitu beharreko unitate-kopurua handitzeko aukera ere aurreikusten dela iragarri du enpresa gipuzkoarrak.

Erosketa hau Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) maileguekin finantzatuko da, eta Espainiako hiriburuko metro-sareak "zerbitzuaren kalitatea indartzea eta hiriburuko garraio publikoan gaitasun handiagoa lortzea" espero du.

CAFek hornituko duen unitate bakoitza sei autok osatuko dute; horietatik lau auto motorrak izango dira, eta beste biak atoiak, bidaiarientzako edukiera handia izango dutenak, autoen arteko komunikaziorako korridoreak izango baitituzte.

 

CAFek adierazi duenez, lehiaketa publikoan "eskakizun handiak" daude betebehar teknikoei dagokienez, eta horietan garrantzi handia dute hainbat alderdik, besteak beste, energia-kontsumoak, produktuak bere bizi-zikloan zehar duen kostu osoak eta unitateen prestazio teknikoek. Halaber, Gipuzkoako enpresak nabarmendu du Madrilgo metroarekin izan duen lankidetza "oso bizia" izan dela historikoki. Gaur egun, CAFek egindakoak dira Madrilgo metroan doazen tren-flota gehienak.