%42 handitu ditu irabaziak CAFek azken urtean. 146 milioi euroko mozkin garbiak erdietsi ditu konpainia gipuzkoarrak, eta denera 4.487 milioi euroko salmentak izan ditu, 2024an baino %7 gehiago.
CAFek gaur eman du iazko ekitaldiko emaitzen berri eta nabarmendu du aurreikusitako helburuak lortu dituela. Era berean, “kontratazio historikoa” lortu du, izan ere, 16.235 milioi euroko eskari zorroa du, inoizko handiena. Finantzazio zorra ere nabarmen murriztu du azken urtean, 226 milioi eurotik, 188 milioira.
Kontratazioaren gorakada, besteak beste, Herbeheretan, Polonian, Frantzian, Brasilen, AEBtan eta Kanadan itxitako kontratuei esker izan da. Kontratu horiek 2025eko azken lauhilekoan erdietsi zituen CAFek.
Azaldu dutenez, tren sektorean kontratu gehienak (%60) aurretik itxitako kontratuen luzapenak dira. Halaber, autobusen merkatuan nabarmen hazi da enpresa eta guztira 2.000 milioi euroko kontratazioa itxi du.
Beasaingo enpresak azpimarratu du bere plan estrategikoaren azken urtean "aldeko" joera duela, eta azken urteetako bilakaerari jarraipena emango diola. Hori dela eta, "jardueraren eta emaitzen hazkundea" espero du, "balantze kontrolatu batekin" betiere.