
52 milioi euro irabazi ditu CAFek urteko lehen erdian, iazko epe berean baino %52 gehiago. Denera, 2.080 milioi euroko fakturazioa eskuratu du Beasaingo enpresak, 2023ko lehen seihilekoan baino %11 gehiago. Dena den, autobusen saileko salmentak %3 murriztu dira, 433 milioi euroraino.
Fakturazio osoaren %79 trengintza sektoreko salmentak izan dira, eta %21 autobus sektorekoak. Hala, Solaris filialak lortutako emaitzek eragin dute Goierriko konpainiaren datu onak.
Aurtengo lehen seihilekoan 725 entregatu dituzte, eta horietatik %40 elektrikoak, bateriazkoak edota hidrogenozkoak izan dira, konpainiaren arabera.
2024 amaieran salmentak %10 handitzea espero du CAFek, egun duen 13.843 milioi euroko eskari zorroari esker. Solarisen entrega kopurua areagotzea aurreikusten dute urteko bigarren erdian, eskari poltsan ia 2.000 autobus baititu filialak.