Helsinkiko metroaren seinalizazio sistema berrituko du CAFek. 60 milioi euro baino gehiagoren balioa duen kontratua itxi du Metropolitan Area Transport Ltd, Helsinki City Transport eta Länsimetro Ltd erakundeekin. Finlandiko metroa kudeatzen dute hiru konpainia horiek, eta Beasaingo enpresa hautatu dute metroko seinalizazioren azpiegitura modernizatzeko.
CAFek CBTC (Communications-Based Train Control) sistema bidez berrituko du azpiegitura. Akordioan, halaber, metroaren flota modernizatzea adostu dute. Flota hori M300 modeloko metroz osatuta dago, eta CAFek berak ekoitzitakoak dira.
Enpresak ohar bidez azaldu du kontratua hau “urrats handia” dela trenbide seinalizazioaren merkatuan, sektore horretan azken urteetan eginiko apustua indartzen baitu.
Helsinki kanpoaldeko metro sareak 43 bat kilometro ditu, eta bi lineen bidez hiria Espoo udalerriarekin lotzen du. 1982an eraiki zuten eta 30 geltokiz osatuta dago. Urtean 78 milioi bidaiari garraiatzen ditu. CAFek espero du seinalizazio sistema guztia 2029rako berrituta izatea.
Goierriko enpresak 25 metro unitate egin ditu Helsinkirentzat azken urteetan. Merkatu eskandinaviarra estrategikotzat du CAFek, hazkunde handia izaten ari baita. Besteak beste, Oslon eta Estockolmon kontratuak sinatu ditu.