CAFek aldiriko 29 tren egingo ditu Renferentzat, 192 milioi euroko zenbatekoan

Etorkizunean beste bederatzi tren elektriko hornitzeko aukera ere hitzartu dute

Renferen trenak | Argazkia: iStock Renferen trenak | Argazkia: iStock

CAFek aldiriko 29 tren hornituko ditu Renferentzat, eta 192 milioi euroko kontratua sinatu dute. Aldiriko tren horiez gain, aurrera begira beste bederatzi tren elektriko egiteko aukera ere hitzartu dutela jakinarazi u CAFek.

Proiektu berria Renfe azken urteotan garatzen ari den inbertsio-planaren barruan dago. Plan horren helburu nagusia tren-flotaren zati handi bat berritzea da, unitate eraginkorragoen eta iraunkorragoen aldeko apustua eginez. Modernizazio plan horren barruan CAFi esleitutako hirugarren kontratua da eta, akordio berri horren ondoren, enpresak operadorearekin duen negozio-zifra 750 milioi eurotik gorakoa da.

CAFek egingo dituen trenak lau autoz osatuta egongo dira oinarrizko prestakuntzan, 500 bidaiari baino gehiagorentzako edukiera izango dute, eta azken aurrerapenak izango dituzte bai teknologiaren arloan, eta baita bidaiariarentzako irisgarritasunaren eta erosotasunaren arloan. Mugikortasun urriko pertsonei sarbide erraza eskaintzeko diseinatuta egongo dira, eta ikusmen- edo entzumen-urritasunen bat duten bidaiariei bidaia erosoagoa egiteko sistemak ere izango dituzte.

CAFek nabarmendu duenez esleipen garrantzitsua da, 2022 amaitu eta gero, 6.000 milioi baino gehiagoko kontratazio bolumena izan baitu sinatutako proiektuetan. Horren ondorioz, 13.000 milioi eurotik gorako eskaera zorroa lortu du, inoizko handiena. Gauzak horrela, taldeak baikortasunez ekin dio hasi berri den aldi estrategikoari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK