CAFek, Solaris filialaren bitartez, akordio bat sinatu du Operateur de Transport de Wallonie (OTW) Belgikako enpresarekin, eta 161 autobus hibrido egin eta zortzi urtez mantenduko ditu, 75 milioi euroren truke. Zehazki, Urbino 12 modelokoak izango dira, eta Valoniako Namur, Lieja eta Charleroi hirietan erabiliko dira.
Ibilgailuak 2022an entregatuko direla aurreikusi dute, eta161 autobusetatik 64 Namurrera, Valoniako hiriburura, joango dira; Charleroik, aldiz, 58 unitate jasoko ditu, eta Liejak 39. Diseinuari dagokionez, bi motatakoak izango dira, bi eta hiru atekoak, hain zuzen ere. Dena den, guzti-guztiek propultsio elektriko sistema berdina erabiliko dute, HybriDrive izenekoa.
Aipatutakoa ez da Solarisen eta Valoniako operadorearen arteko lehenengo kolaborazioa. Izan ere, 2013an heldu ziren Belgikara Solarisen lehen autobusak, CAFek hura erosi baino bost urte lehenago. Guztira, 240 autobus hibrido inguru entregatu dituzte Liejan eta Charleroin erabiltzeko, besteak beste. Horrekin batera, CAF taldeak sortutako beste 32 autobus elektrikok zerbitzua eskaintzen dute Bruselan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta