
CAFek bidaiarientzako trenak hornituko ditu Etihad Rail Arabiar Emirerri Batuetako estatu-enpresarentzat, 250 milioi euro baino gehiagoren truke. Enpresa hori herrialdeko trenbide-sarea eraikitzeaz, kudeatzeaz eta gauzatzeaz arduratzen da. Akordioa Shadi Malak Etihad Raileko CEOak eta Josu Imaz CAFeko Ibilgailuen negozioko CEOak sinatu dute, bi enpresetako langileen aurrean, Fujairah hirian.
Akordioaren arabera, euskal konpainiak Europako estandarren arabera egindako bidaiarien trenak fabrikatu, hornitu eta horien mantentze-lanak egingo ditu. Tren bakoitzak 400 bidaiari baino gehiagorentzako lekua izango du eta 200 km/h-ko abiaduran ibiliko da. Hala, bidaien denbora %30-40 inguru murriztea lortuko da.
Arabiar Emirerri Batuko trenbide sarea hobetzeko planaren baitan dago CAFek sinatutako kontratu berria. 2030erako tren sareak hamaika hiri lotzea aurreikusi dute, urtean 36,5 milioi bidaiari izateraino.
Azken kontratu horrekin, CAFek hiru akordio izango ditu Ekialde Hurbilean, martxoan beste bi akordio sinatu baitzituen: Tel Aviven eta Saudi Arabian, 525 milioi eta 200 milioi eurokoak, hurrenez hurren.