
CAF Taldeak Coradia Polyvalent Frantziako plataformaren 18 tren gehiago egiteko kontratuak itxi ditu, 161 milioi euroren truke. 11 tren Akitania Berriko eskualderako izango dira, Frantziako hegoaldean, eta beste zazpi Senegalgo Garraio Ministerioaren mendeko Inbertsioak eta Obra Handiak Sustatzeko Agentziarako (APIX) izango dira.
Taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, Alstom enpresarekin elkarlanean egingo dituzte trenak. Konpainia horrek eskainiko ditu unitatearen ekipoak, eta CAFek trenak diseinatu eta fabrikatuko ditu. Tren bakoitzak lau bagoi izango ditu, eta CAFek Reichshoffen herrian (Alsazia) duen lantegian egingo dituzte.
Kontratu horiekin, CAFek 2.400 milioi eurora arte handitu du bere eskaera zorroa Frantzian, taldearen zorroaren %18, eta Frantzia "datozen urteetarako merkatu nagusietako bat" bihurtu du.
Kontratu horrez gain, beste hainbat ere bidean dituela iragarri du. Tartean, 28 intercities tren SNFC operadorearentzat, 146 trenen hornidura Parisko RER B aldiriko linearako, eta tranbiak hornitzeko proiektuak Montpelierreko eta Marseillako metropoli eremuetarako.