CAFek Suediako eskualde arteko trenak hornituko ditu

SJ AB operadore suediarrarentzat 25 tren unitate hornituko ditu 300 milioi euro ingururen truke

Tren berriak Suediako tenperatura hotz eta elurrari aurre egiteko prestatuta egongo lirateke | Argazkia: CAF
Tren berriak Suediako tenperatura hotz eta elurrari aurre egiteko prestatuta egongo lirateke | Argazkia: CAF
2022ko uztailaren 8a - 12:02
Eg. 2022ko uztailaren 8a - 12:14

Suediako Estatuko operadoreak, SJ ABk, CAF aukeratu du eskualdeko 25 tren unitate hornitzeko. Kopuru hori 60 unitatera handitzeko aukera legoke kontratuan aurrez ikusitako zabalkuntza-aukerak eraginkorrak izanez gero. Aipatutako 25 unitateentzat jada itxitako oinarri-akordioaren zenbatekoa 300 milioi euro ingurukoa izango da eta, aurreikuspenen arabera, lehen trenak 2026ean zerbitzu ematen egongo lirateke.

 

CAF Civity Nordic plataformako trenak izango dira, Suediako muturreko klima-baldintzei (-40ºC arteko tenperatura eta elurra) aurre egiteko prestatuta egongo direnak. Trenek bost kotxe izango dituzte eta 200 km/h-ko abiaduran ibiliko dira. 1.000 bidaiari ingururentzat lekua izango dute.

Enpresa beasaindarrak jakitera eman duenez, kontratu berri horrek CAFek Eskandinaviako merkatuaren alde egindako apustua baieztatu du eta, gauzak ondo bidean, datozen urteetarako bertako merkatuan lizitazioen kopuru handia garatzea espero du.