CAFeko langile baten antsietatea lan istripu dela onartu du Donostiako epaitegi batek. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, Donostiako Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Atalak frogatutzat jo du CAFek lan egiteko moduan ezarri zuen aldaketak gainkarga eragin ziola beharginari eta horrek sortu zuela haren antsietatea.
CAFek ohar bidez azaldu du epaiak frogatutzat eman duela CAF SAk lan-sistema aldatu zuela eta horrek gainkarga ekarri zuela langile nahikorik ez zegoelako, eta langileari ez ezik, bere lantokian lan egiten zuten gainerako langileei ere eragin ziela. Epaiak, era berean, ondorioztatzen du "laneko problematikak eragin zuela langilearen antsietate egoera”.
CCOOk ohartarazi du bajaren lehen aldiaren ondoren, arazoa sortu zuen lanpostuan kokatu zutela langilea berriro ere, eta horrek berriz gaixotzea eragin zuela. Bigarren aldi horren ostean, lanpostuz aldatzen da, eta langilea enpresako beste arlo batean birkokatu zenetik ez da berriro gaixotu. Bestalde, Osakidetzak, une oro patologiaren lan-jatorria aipatu duela adierazi du sindikatuak, eta langileak ez zuela antsietate edo depresio-nahasmenduaren aurrekaririk.
CCOOk zalantzan jarri du Beasaingo enpresaren prebentzio zerbitzua, eta salatu du enpresetan arrisku psikosozialen gaineko prebentzio huts egiten ari dela.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta