• ENPRESAK GAUR
  • CAFeko langileek ordubeteko lanuztea egingo dute asteazkenean, Jerusalemgo tranbiaren aurka egiteko

CAFeko langileek ordubeteko lanuztea egingo dute asteazkenean, Jerusalemgo tranbiaren aurka egiteko

Tranbiak "okupazioa sendotzeko" balio duela eta "kolonizazio tresna" dela salatu du langile batzordeak

CAFek egindako metro bat | Argazkia: CAF / Europa Press
CAFek egindako metro bat | Argazkia: CAF / Europa Press
2025eko irailaren 29a - 17:40

CAFeko langile batzordeak konpainiaren “zinismoa” salatu eta eta ordubeteko lanuztera deitu du asteazken goizerako. 10:00etatik 11:00etara egingo dute, enpresaren bulego nagusien aurrean. Langileek azaldu dutenez, lantegian ekoizten dituzten tranbiek "Israelen okupazioa sendotzeko" balio dute, eta “kolonizazioa tresna” dira. CAFek "uko egiten dio edozein erantzukizuni, eta tranbia horrek Israelen okupazioa sendotzeko balioko duela jakitun da, legez kanpoko koloniak lotzen dituen azpiegitura batekin", adierazi du batzordeak ohar bidez.

 

Israelek okupatutako lurretan tranbia bat egitekoa da Beasaingo enpresa eta sekulako harrabotsa sortu da azken asteetan gaiaren inguruan. Gizarteko eragile askok askok eskatu diote CAFi lan hura atzera botatzeko, baina konpainiak ez du halakorik egiteko zantzurik azaldu. Herritar askok operazio honen aurka protesta egin badute ere, orain arte CAFeko langileek ez dute adierazpen publikorik egin. Bada, Langileok beti Palestinarekin izeneko agirian iragarri dute etzi goizerako lanuztea.

Langile batzordeak gogorarazi du joan den uztailaren 1ean Francesca Albanese Okupatutako Lurralde Palestinarretarako NBEko kontalariak publiko egin zuela txosten bat, non CAF zerrendatzen zuen "Israelen okupaziotik onura ateratzen duten enpresen artean". Gainera, irailaren 26an NBEk CAF lurralde okupatuetan lan egiten duten enpresen zerrendan sartu zuela gogoratu du batzordeak. CAFeko zuzendaritzak "aukera galdu du pauso bat alde batera emateko, langileok 2018tik behin eta berriz eskatzen dugun bezala", diote oharrean.

 

Eusko Jaurlaritzak CAFen jabetzaren zati bat du, %3 hain zuzen. Imanol Pradales lehendakariak orain gutxi CAFen jarduera defendatu zuen, ukatuz CAF Gazako genozidioaren laguntzaile dela.