• ENPRESAK GAUR
  • CAFen Power & Automation filialak lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak hasi ditu

CAFen Power & Automation filialak lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak hasi ditu

Enpresa nagusiaren eta filialaren arteko lan baldintzak "geroz eta desberdinagoak" direla salatu du enpresa batzordeak. Bi orduko lanuztea egin zuten atzo eta hurrengo asteetarako lanuzte gehiago iragarri dituzte

Argazkia: CAF Power & Automation-en enpresa batzordea
Argazkia: CAF Power & Automation-en enpresa batzordea
2025eko maiatzaren 16a
Eg. 2025eko maiatzaren 16a

CAF taldeko CAF Power & Automation filialak bi orduko lanuztearekin hasi zituen atzo lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak. 10:00etatik 12:00etara egin zuten geldialdia Miramonen (Donostia) eta Madrilgo bulegoetan baita Irurako tailerretako langileek. Konpainiako langile batzordeak CAF enpresa nagusiaren eta filialaren arteko lan baldintza “ezberdinak” salatu ditu: “CAF taldeak irabazi eta kontratu zifra errekorrak lortzen dituen bitartean, CAF P&Ako langilegoak, eros-ahalmena galtzen ari gara eta talde nagusiko gure lankideak baino ordu gehiago lan eginez”.

 

Atzoko lanuztearen ostean, gaur langile batzordeak kontzentrazio bat burutuko du Beasainen CAFen bulego aurrean. Halaber, maiatzaren 27 eta 29an hiru orduko lanuzteak iragarri dituzte, eta ekainaren 3,4 eta 6rako lau orduko lanuzteak. Ekainaren 11ean egun osoko greba orokorra ere iragarri dute.

Langile batzordearen arabera, CAF Power & Automationeko zuzendaritzak proposatuko soldata berrikuspena, CAF-ek onartutakoaren azpitik egoteaz gain, azken urteetan pilatutako KPI errealaren azpitik ere badago.

 

“Taldeko enpresa nagusiaren baldintzetara hurbiltze aldera, bidezko soldata-igoera eta lanaldiaren murrizketa eskatzen ditugu. Honteaz gain, barne-sustapenarekin, erretiro aurreratuarekin, lanpostuen sailkapenarekin, baimenekin eta telelanarekin lotutako hobekuntzak ere planteatu ditugu, batez ere, kontziliazio beharrei erantzun bat emateko hobekuntzak negoziatu aldera”, adierazi du ohar bidez enpresa batzordeak.

Era berean, azaldu dute zuzendaritzaren mugimendu ezak “biziki” kezkatzen dituela eta ez dutela proposamen “errealistarik” jaso.