• ENPRESAK GAUR
  • Urtea espero zutena baino okerrago ixtea aurreikusten duen Bizkaiko enpresa kopurua hazi da

Urtea espero zutena baino okerrago ixtea aurreikusten duen Bizkaiko enpresa kopurua hazi da

Cebekeko bazkideen kezka nagusiak dira lan kostuen igoera eta taldeari eustea

Francisco Javier Azpiazu, Begoña San Miguel, Guillermo Buces eta Ángela Fernández Cebekeko zuzendaritzako kideak | Argazkia: Europa Press
Francisco Javier Azpiazu, Begoña San Miguel, Guillermo Buces eta Ángela Fernández Cebekeko zuzendaritzako kideak | Argazkia: Europa Press
2026ko urriaren 8a - 17:12
Eg. 2026ko urriaren 8a - 17:26

Udazkeneko inkesta egin du Cebek Bizkaiko enpresen patronalak euren bazkideen artean, eta gaur eman dituzte emaitzak ezagutzera, euren Bilboko egoitzan eginiko prentsaurrekoan. Batetik, nabarmen hazi da urtea hasi zutena baino okerrago ixtea espero duen enpresa kopurua. Urtarrilean %5,1entzat zen ustezko agertokia; iraileko inkestan, baina, %18,1ek du aurreikuspen hori. Beste zifra batek ere agerian utzi du enpresen kezka: %60k uste zuten urte hasieran ariketa ona izango zela 2026koa, baina une honetan %49,2k adierazi du ideia hori. Oro har, hobekuntza orokorreko testuingurua baino, bilakaera geroz eta polarizatuagoa antzeman daiteke.

 

Gauzak hala, baina, %68k mantendu ditu inbertsio planak, %16k handitu eta %15 dira berraztertzen ari direnak. Azken bi kasuetan, zifra bi puntu igo da iazko irailetik. Lantaldeari dagokionez, Guillermo Buces Cebekeko presidenteak eginiko irakurketa argia da: "taldeei eustea apustu garrantzitsua da oraindik enpresentzat, langile kualifikatuak aurkitzeko eta kontratatzeko ditugun zailtasun handiak gorabehera". Izan ere, enpresen %71ek dio langile kopurua mantentzen duela, %20k handitu egin duela —%26 ziren azken inkestan— eta %9k murriztu. Egoera hori izaki, enpresen %92,1 kezkatuta dago lan kostuen igoeragatik, eta %87 pertsona kualifikatu faltagatik. Absentismoa da hirugarren kezka nagusia, %76,4k aipatzen baitu. Horretan geratu da Guillermo Buces Cebekeko presidentea emaitzak aurkezteko diskurtsoa eman duenean, haren iritziz "enpresa kontu huts"-etik "gizarte arazoa izatera" igaro delako. "Egoera lazgarri honek gure balioetan eta lana ulertzeko moduan gertatzen ari diren aldaketez hausnartzera eramaten gaitu, baita lanaren garrantziaz eta dakarren erantzukizunaz ere".

Erregulazioari loturiko ezjakintasunak, lan giroak, talentuaren atxikitzeak eta lidergo berriek ere sortzen dute kezka.

 

Soldatak eta lehiakortasuna

Soldaten igoerari dagokionez, Cebekeko presidenteak ezinbestekotzat jo du "lehiakortasunarekin lotzea, ezin baita gauza bat egon bestea gabe, hori jasanezina izango bailitzateke enpresentzat". Bere azalpena xehetu du: "Gauza bat ez doa bestea gabe, eta enpresa guztiei gustatuko litzaiguke gure taldeei askoz gehiago ordaintzea. Izan ere, kontentuago egongo dira eta inork ez du alde egin nahi izango, baina hori sortu egin behar duzu". 

Hain zuzen ere, fakturazio eta errentagarritasuna ere izan ditu aztergai txostenak. %58k esaten zuen esperotako fakturaizoarekin itxiko zuela zutela urtea, %16k hobetzeko aurreikuspena zuela. Datuok abiapuntu, presidenteak dio jarduera orokorrak "eutsi" egiten diola, baina diru-sarrera planak betetzea lortzen ez duten enpresen kopuruak ere gora egin duela".

Cebeken ustez enpresen lehiakortasunean eragin dezakeen beste elementu gakoa da fiskalitatea. Hala uste du enpresen %41ek —euren inbertsio erabakietan ere eragiten duela diote—. %76k dio, berriz Bizkaiko enpresen "hazkundea eta finkatzea laguntzeko" erabili ahalko litzatekeela eta %74 pizgarri produktibo gisa.

Bucesek azpimarratu duenez, erantzun horiei esker, enpresek "aurrera egiteko aukera emango dien fiskalitatea eskatzen" ari direla, eta horrek esan nahi du "tekla jakin batzuk ukitzea, enpresek inbertitzeko eta enplegua sortzeko gaitasun handiagoa izan dezagun". 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain