
Cebek Bizkaiko enpresen patronalak bihar egingo du Batzar Nagusia. Horren atarian, Bizkaiko ekonomiaren aurreikuspenak iragarri ditu Carolina Pérez Toledo Cebekeko lehendakariak. Hasiera batean % 5,2koa izatea aurreikusten bazen ere, egoera berria kontuan izanda hazkundea % 4,5ekoa izan daitekeela adierazi du Perezek. Izan ere, Ukrainako gerrak, koste energetikoen eta lehengailen prezioen gorakadak, eta inflazioak eragin zuzena izaten ari dira enpresetan, eta "bereziki eta negatiboki" industria arloko enpresa txiki eta ertainetan.
Iragarpen hori egiteaz gain, CEBEK NB2022 inkestaren emaitzak aurkeztu ditu patronalak. Horretarako, galdeketa egin die lurraldeko sekotre askotako 382 enpresari. Hain zuzen, enpresen % 47k adierazi du Ukrainako gerragatik eskaerek behera egin dutela. Horrekin batera, % 66ak adierazi du aurtengo lehen hiruhilekoko kostuen gorakadak direla eta, prezioak igotzea aurreikusten dutela. Portzentajea are altuagoa da enpresa industrialetan, % 80koa. Horrekin batera, errentagarritasun marjinak jaitsi egin direla dio % 63k.
Hala ere, plantilla murrizteko beharra ikusi dezaketen enpresen portzentajea % 16koa da. Orokorrean, enpresen % 30ak ontzat jotzen du Bizkaiko egoera ekonomikoa, eta % 63ren ustez hala-nolakoa da.