• ENPRESAK GAUR
  • Celsaren jarduera industriala mantendu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Celsaren jarduera industriala mantendu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Irailaren hasieran inbertsio funtsen esku geratu zen multinazionala, eta Jaurlaritzak nahiz Espainiako Gobernuak bazkide industrial bat nahi dute taldearen jardueraren bideragarritasuna bermatzeko

Argazkia: Celsa
Argazkia: Celsa
2023eko irailaren 12a
Eg. 2023eko irailaren 12a

Irailaren hasieran, Celsa altzairu multinazionala inbertsio funtsen eskuetan geratu zen. Kataluniako Auzitegi Nagusiak Celsaren zorra kontrolatzen duten Deutsche Bank bankua eta Goldman Sachs, Anchorage eta Capital Group funtsak enpresaren jabe izatea ebatzi zuen, eta orain talde industrialaren berregituraketa abian jarri dute.

 

7.000 langiletik gorako enpresa da Celsa, eta hiru lantegi ditu Euskal Herrian. Gaur, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko Sailburuak, Celsaren jabe berriek enpresaren jarduera, enplegua eta egoitza mantendu behar dituztela adierazi du. Era berean, Tapiak azpimarratu du, inbertsio funtsek jabetza eskuratzeko baimena ez dutela behin betikoan jaso, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpena aldeko izan badute ere. Hala, Celsaren bideragarritasuna bermatuko duen bazkide bat nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta “hemengoa bada hobeto”, azaldu du sailburuak.

Taldearen parte izateko zenbait eragileren interesa ere badagoela aitortu du, baita hauekin elkarrizketak hasteko asmoa dutela ere. Halaber, Espainiako Gobernuarekin hitz egin du Jaurlaritzak, eta bi aldeak bat datoz taldearen jarduera industriala bermatu behar delaren ideiarekin.