Hilabete inguru igaro da César Gutiérrez Mubileko zuzendari nagusi izendatu zutenetik. Proiektua ezaguna badu ere —hasiera-hasieratik izan da bertan—, kargua hartu eta berehala iritsi zaio jendaurreko lehen erronka nabaria: Mubil Mobility Expo. Mugikortasun berri, jasangarri eta adimentsuan fokua jartzen duen azokaren bosgarren edizioa gaur hasiko da Ficoban (Irun, Gipuzkoa), eta 110 enpresa erakusketari izango ditu, baita beste hainbat jarduera ere. Testuinguru horretan, EnpresaBIDEA Gutiérrezekin izan da, Mubilen eta mugikortasunaren norabideaz hitz egin asmoz.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zuzendari kargua hartu eta hilabetera iritsi da gutxi gorabehera Mubil Mobility Expo, lehen topaketa garrantzitsua. Egokitzeko denbora eman al dizu?
Bada, egia esan, denbora oso mugatua izan da. Baina testuingurua ezagutzen dut, Mubilen bost urte daramatzadalako, alegia, hasieratik, proiektuaren garapen teknikoan eta azpiegituren inguruan ikasten. Trantsizio naturala izan da gutxi gorabehera. Eta Mubil Mobility Expo orain izateak aukera eman dit lehenengo momentutik jarduera operatiboan eta harremanetan sartzeko.
Zer suposatzen du zuretzat zuzendari nagusi postuak?
Lehenik eta behin, erantzukizun handia da, baina aukera handia ere bai profesionalki. Mubil ez da soilik azpiegitura edo proiektu bat; ekosistema bat da. Nire rola da dagoeneko dugun ekosistema hori sendotzea eta nazioartean kokatzea.
Eta zein helburu dituzu zuzendari gisa?
Mubil kokatzea mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren erreferente gisa Europan, eta horretarako zenbait ardatz nagusi aurreikusten ditut. Bata da Mubil district edo huba mugitzea eta sendotzea, 38.000 m2 dituena, balio erantsiko ekintzekin. Hori da azken batean Mubil Centerren dagoena. Urte amaierarako burututa izango dugu Mubilen beste eraikin bat, eta oraindik aipatu ezin ditugun beste iniziatiba enpresarial batzuk ere baditugu esku artean. Horrekin batera, nazioarteko posizionamendua indartu nahi dugu. Hori dena lankidetza publiko-pribatuan oinarritua.
"Geopolitikak noski eragiten digula, baina gure helburuak ez dira aldatzen. Lurraldetik lurraldearentzat egiten dugu lan eta helburuak argi daude"
Nola dago mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren ekosistema une honetan?
Momentu oso garrantzitsu batean gaude. Geopolitika hor dugu, noski. Baina oro har eraldaketa sakona bizitzen ari gara mugikortasun alorrean. Gure enpresetako askok badakite ezinbestekoa dela trantsizio hori egitea, eta erronka nagusia dela nola egin. Hori dela eta, Mubilen eginkizuna da teknologia gaitasunak eta aukerak konektatzea enpresentzat eta herritarrentzat trantsizio hori leunago egiteko.
Mubil Mobility Expora itzuliz: egoera geopolitikoak hasiera baten aurreikusi ezin zenezaketen zerbait aintzat hartzera eraman al dizue?
Geopolitikak noski eragiten digula, baina guk ditugun helburuak ez dira aldatzen. Lurraldetik lurraldearentzat egiten dugu lan eta helburuak argi daude. Erakusketa prestatu dugu; eta esan behar da Mubil Mobility Expo ez dela soilik erakusketa-lehio bat, baizik eta negozio aukera berriak sortzeko estrategia eta tresna bat.
"Mubilen eginkizuna da teknologia gaitasunak eta aukerak konektatzea enpresentzat eta herritarrentzat trantsizio hori leunago egiteko"
Eta zer nolako edizioa aurreikusi duzue?
Oso edizio sendoa. Bertan izango diren enpresek hainbat berrikuntza aurkeztuko dituzte. Horrekin batera zentratu gara asko negozioan, kolaborazioak sustatzean. Eta horretarako indartu ditugu hainbat programa. Pasa den edizioan egin genuen Hosted Buyers Program aurten ere egingo dugu. Izan ere, baditugu nazioarteko erosleak interesa izan dezaketeenak Expoan aurkezten diren soluzio teknologikoetan. Aurten martxan jarri dugu France Partner Country delakoa. Herrialdean Mubilen antzekoak diren lau polo daude, mugikortasunaren alorrean aritzen direnak, eta horiek gonbidatu ditugu.
Bestalde, handitu eta sendotu egin dugu edukien programa, eta hainbat aurkezpen izango ditugu. Era berean, Mubileko standean protagonismoa emango diegu gure hubeko enpresei euren garapenak jar ditzaten. Eta aliantzak eta sektoreko topaketak ere egingo dira azokan, hiri-banaketa eta sektore logistikoaren bilera, adibidez. Horrek erakusten du azoka erakargarria dela aliantzak sortzeko, proiektu berriak abiatzeko, eta elkarrizketarako, azken finean, negozio eta kolaborazioak garatzeko.
"Azoka erakargarria da aliantzak sortzeko, proiektu berriak abiatzeko, eta elkarrizketarako, azken finean, negozio eta kolaborazioak garatzeko"
Herritar bezala mugikortasun berrian pentsatzean auto elektrikoetan pentsatzen dugu. Baina Mubilek nola ulertzen du mugikortasun berri hori?
Guk mugikortasun adimentsu eta jasangarriaz hitz egiten dugu. Jasangarritasunak lotura handia du mugikortasunaren elektrifikazioarekin oro har. Autoa garrantzitsua da eta izango da, baina mugikortasuna etorkizunera begira intermodala izango da. Elektrifikatu behar dira, gainera, ontzigintza, sektore aeronautikoa...
Era berean, parte adimentsua ere garatu behar dugu, mugikortasuna konektatua, autonomoa eta partekatua izan dadin, mugimenduak ahalik eta modu egokienean egiteko.
Nola ikusten ari zarete enpresak horretara egokitzeari dagokionez?
Euskal enpresek oso posizio ona dute. Industriak gaitasun handiak ditu, eta horrek aukera ematen du eraldaketa horretan protagonista izateko. Orain gakoa da berrikuntza bitarteko azkartze hori izatea. Baina hemen potentzial handia dago enpresetan, zentro teknologikoetan... eta hori indartu, garatu eta azkartu behar dugu lehiakortasuna ez galtzeko.
Herritarrok kontziente al gara mugikortasun-paradigmaren aldaketaz?
Herritarren kasuan ere aldaketa progresiboa da, baina hor garrantzitsuena da herritarrei soluzio aberasgarriak, irisgarriak, erabilgarriak eta iragankorrak eskaintzea. Teknologia bakarrik ez da nahikoa; erabilera ere erraztu egin behar da. Herritarrei eskaini behar zaie behar dutena.
"Proiektu industrial indartsuak jarri behar dira martxan, aurrera begira gure ekonomia eta teknologia garatu ahal izateko. Azken batean hori bihurtzen da herritarrentzat ongizatea; aukera horiek bizitzan eragina dute"
Ildo horri loturik zertan ari zarete lanean herritarren beharrei erantzuteko?
Mubil zentratuta dago garapen ekonomiko eta teknologikoan, batez ere industrian. Baina bestelako ekintzak ere egiten ditugu, eta herritarrentzat interesgarriena izan daiteke City Science Lab. AEBko Massachusetts Institute of Technologyrekin dugun lankidetzaren baitan, Mubilen ikerketa laborategia jarri dugu martxan, City Science Lab Gipuzkoa izenekoa. Bertan aztertzen duguna da nola mugitzen garen Gipuzkoan, ospitalera, haurtzaindegietara edo dena delakora iristeko. Zertarako? Datu horiekin ondoren erabaki egokiak hartzeko mugikortasunari loturik, errepide bat egiteko, adibidez, herritarren erosotasuna aintzat hartu, eta interkonexio eta mugimendu hobeak ahalbidetzeko. Hori da herritarrengandik gertuen dagoena.
Oro har, zuek enpresen eskutik egiten duzuelako lan, soluzio industrialak eskainita.
Guk bilatzen dugu lurralde bezala lehiakortasuna mantentzea, aukera berriak sortzea talentu berriarentzat. Proiektu industrial indartsuak jarri behar dira martxan, aurrera begira gure ekonomia eta teknologia garatu ahal izateko. Azken batean hori bihurtzen da herritarrentzat ongizatea; aukera horiek bizitzan eragina dute.