
Taldeki Biosolutions izeneko enpresa berria jarri du martxan CIC biomagunek. Talde berriak Aitziber L. Cortajarena izango du buru, Ikerbasqueko irakasle eta CIC biomaguneko zuzendari zientifikoa.
Enpresa berriaren helburua izango da antigorputzak detektatzea, eta, hala, hainbat gaixotasun identifikatzeko soluzioak bilatzea. Lehenik eta behin, gaixotasun infekziosoak detektatzeko sentsoreak garatu ditu taldeak, baina aurrerantzean gaixotasun autoimmuneetara begira jarriko dira. Esaterako, gaur egun sentsoreak garatzen ari dira diabetes mellituserako eta gaixotasun zeliakorako.
Hori guztia egiteko enpresa teknologiaz baliatuko da, eta Cortajaeranak azaldu duenez, teknologia oso moldakorra da, “gaixotasun-sorta handi batekin lotutako antigorputzak detektatzeko aukera ematen baitu”, izan infekziosoak, autoimmuneak ala alergiak.
Taldeki Biosulutionsek Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du, Spri taldearen eta Basque Tek Venture ekimenaren bitartez. Azken hori oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzen laguntzeko egitasmoa da, zeinak BasquetekVenture FCR izeneko funts propioa duen.