CIE Automotive taldeak 20 milioi euroko mailegua jasoko du Finantzen Euskal Institutuaren eskutik. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikituta dagoen finantza-erakundeak taldeari ematen dion bigarren mailegua da, iaz ere beste 20 milioi euro finantzatu baitzituen. Diru guzti horri esker EAEko automozioaren sektoreko taldeak inbertsioak egin ahal izango ditu, efizientzia, berrikuntza teknologikoa eta jasangarritasuna hobetze aldera. Gainera, EAEko industria-plantetarako inbertsio-plana gauzatu ahal izango du.
CIE Automotive taldeak hamabost ekoizpen lantegi ditu, baita I+G zentroa ere. Bertan lan egiten dute 1.840 pertsonek, baina zeharka beste milaka lanpostu sortzen ditu enpresak, 1.700 hornitzaileko sare zabalaren bitartez. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak dio “funtsezko trakzio-enpresa” dela EAEko industriaren ekosisteman. Nöel D’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Mikel Jauregi Industria sailburuak azpimarratu dute garrantzitsua dela “gure sektore industriala” finantzatzeko gaitasuna izatea, hala, “EAE Europako berrindustrializazioaren protagonista bilakatzeko, automozioaren moduko sektore gakoen bitartez”.
Eragiketa merkatu-baldintzetan egingo den mailegu itzulgarri baten bitartez gauzatuko da, eta Jaurlaritzak bultzatzen duen lankidetza publiko-pribatuko estrategiaren barnean kokatzen da. Prentsa-oharrean Jaurlaritzak gogorarazi du automozioaren sektorea “ekonomiaren funtsezko zutabea” dela, industria-ekoizpenaren %25 baino zertxobait gehiago baita, eta 40.000 langile inguru biltzen baititu EAEn.